Polizia indarkeria

Ciudadanosek Polizien biktimen legea salatuko du Konstituzionalean

Eusko Legebiltzarrak apirilean onartu zuen legea, EAJren eta PSE-EEren aldeko botoekin eta EH Bilduren eta Elkarrekin Podemosen abstentzioekin. Albert Riveraren alderdiak salatu du legeak "[Espainiako] Estatuko segurtasun indarren jarduna kriminalizatzen" duela.

Liskar artean onartu zuten Poliziaren biktimen legea, apirilean. JAIZKI FONTANEDA/FOKU
2019ko maiatzaren 25a
08:36
Entzun

Hauteskunde egunaren bezperan, Ciudadanosek iragarri du Espainiako Auzitegi Konstituzionalean salatuko duela 1976 eta 1999 artean Poliziak eragindako biktimei aitortza emateko legea. Albert Rivera buru duen alderdiak zehaztu duenez, datorren astean jarriko dute helegitea, baina gaur eman dute erabakiaren berri. Eusko Legebiltzarrak apirilean onartu zuen legea moldatzeko araua: EAJk eta PSE-EEk bozkatu zuten alde, abstentziora jo zuten EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek, eta aurkako botoa eman zuen PPk.

Ciudadanosen ustez, "gaizki izendatutako" Poliziaren biktimen legeak "[Espainiako] Estatuko segurtasun indarren jarduna kriminalizatzea" du helburu. "Espainiako gizartea euskal terrorismo separatistatik defendatu zuten polizia eta guardia zibilak bitarteko guztiekin defendatuko ditugu", adierazi du Ciudadanosek ohar batean. Apirilaren 28ko bozen aurretik ere iragarpen bera egin zuen Riverak, eta Espainiako arartekoari eskari formala egin zion helegite hori jartzeko.

Eusko Legebiltzarrak 2016an onartu zuen Poliziaren biktimen lege bat, baina Mariano Rajoyren gobernuak helegitea jarri zion. Pedro Sanchezen gobernuak erretiratu egin zuen errekurtso hori, eta, azkenik, apirilean onartu zuten arau bat, 2016ko legea moldatzen zuena. Atzo, Espainiako Auzitegi Gorenak tramiterako onartu zuen SUP Poliziaren Sindikatu Bateratuak lege hari jarritako helegitea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.