Hauteskunde egunaren bezperan, Ciudadanosek iragarri du Espainiako Auzitegi Konstituzionalean salatuko duela 1976 eta 1999 artean Poliziak eragindako biktimei aitortza emateko legea. Albert Rivera buru duen alderdiak zehaztu duenez, datorren astean jarriko dute helegitea, baina gaur eman dute erabakiaren berri. Eusko Legebiltzarrak apirilean onartu zuen legea moldatzeko araua: EAJk eta PSE-EEk bozkatu zuten alde, abstentziora jo zuten EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek, eta aurkako botoa eman zuen PPk.
Ciudadanosen ustez, "gaizki izendatutako" Poliziaren biktimen legeak "[Espainiako] Estatuko segurtasun indarren jarduna kriminalizatzea" du helburu. "Espainiako gizartea euskal terrorismo separatistatik defendatu zuten polizia eta guardia zibilak bitarteko guztiekin defendatuko ditugu", adierazi du Ciudadanosek ohar batean. Apirilaren 28ko bozen aurretik ere iragarpen bera egin zuen Riverak, eta Espainiako arartekoari eskari formala egin zion helegite hori jartzeko.
Eusko Legebiltzarrak 2016an onartu zuen Poliziaren biktimen lege bat, baina Mariano Rajoyren gobernuak helegitea jarri zion. Pedro Sanchezen gobernuak erretiratu egin zuen errekurtso hori, eta, azkenik, apirilean onartu zuten arau bat, 2016ko legea moldatzen zuena. Atzo, Espainiako Auzitegi Gorenak tramiterako onartu zuen SUP Poliziaren Sindikatu Bateratuak lege hari jarritako helegitea.