udal eta foru hauteskundeak

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako lau herritarretik hiru, pozik bozen emaitzekin

Jaurlaritzak argitaratutako soziometroaren arabera, udal hauteskundeetan parte hartu zuten herritarren %69k "konbentzimenduz" eman zuten botoa.

Herritar bat botoa hartzen, Bilboko hautesleku batean, joan den igandean. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU
jon olano
2019ko maiatzaren 31
12:58
Entzun

Udal eta foru hauteskundeak egin eta bost egunera, horiei buruzko inkesta bat argitaratu du Eusko Jaurlaritzako Prospekzio Soziologikoen Kabineteak. Horren arabera, galdekatutako herritarren %76k "oso positibotzat" edo "gehienbat positibotzat" jotzen dituzte udal hauteskundeetako emaitzak, eta %78 dira emaitzekin gustura daudenak Batzar Nagusietarako hauteskundeen kasuan.

Herritarren %72k "interes handia" edo "nahikoa" zuten hauteskundeekiko, baina %59k "noizean behin" edo "inoiz ez" zuten jarraitu kanpaina. Interesa 2015eko udal eta foru hauteskundeekin erakutsitakoa baino dezente altuagoa izan da (orduan %56koa izan zen) eta Espainiako Gorteetarako apirileko bozena baino zertxobait baxuagoa (%79koa izan zen).

Soziometroak erreparatu dio botoa emateko orduan gaiek duten garrantziari ere: foru hauteskundeetan, herritarren %42k beren herrialdeko gaien arabera eman zuten botoa, eta %41ek, Euskal Autonomia Erkidegoko agendarekiko. Portzentajeak, ordea, ezberdinak dira udal hauteskundeetan botoa ematerakoan; izan ere, tokiko gaiak erabakigarriak izan ziren %67 herritarrek botoa ematerakoan.

Behin hauteskundeak igarota, %95 herritar "konforme" daude emandako botoarekin. %77k "konbentzituta" eman zuten botoa foru hauteskundeetan, eta %69k adierazi dute konbentzimendu hori udalerako botoa ematean.

Joan den astelehenean eta asteartean 880 herritarri galdetuta egin dute inkesta.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.