euskal presoak

Miarritzeko larunbateko giza katean parte hartzera dei egin dute

Ipar Euskal Herriko hainbat lagun ezagunek diote "bake prozesuak atzera egiterik" ez duela. Eskari zehatzak egin dizkiote Frantziari.

Miarritzen gaur egindako agerraldia.
enekoitz esnaola
2019ko ekainaren 3a
07:30
Entzun

Ipar Euskal Herriko alor desberdinetako 60 lagun ezagunek "bake prozesua bultzatzeko" Miarritzen (Lapurdi) larunbatean egingo den giza katea babestu dute eta han parte hartzera deitu; 300en batek sinatu dute deialdia. Euskal presoak lehentasun hartzez gain, biktimak ere izan dituzte gogoan, gaur arratsaldean Miarritzen egindako prentsa agerraldi batean. "Lehen egunetik diogu: prozesuaren bi elementu nagusiak biktimak eta presoak dira", esan du haien denen izenean Anne Marie Bordesek.

Hotel du Palais eta Birjinaren haitza lotuko ditu giza kateak. 16:00etan hasiko da eta hiru kilometrokoa izango da, sei eremutan banatuta. Ostiralean, berriz, Gure elkarbizitza eraikitzeko topaketa izenpean, hitzaldi eta mahai inguruak izango dira Miarritzen bertan, Bellevue kasinoan, 19:00etatik aurrera.  

Batetik, "salbuespeneko" neurriak kentzeko eskatu diote Frantziako Estatuari: DPS estatusak erretiratzeko euskal preso denei; preso guztien hurbilketa; eta baldintzapeko askatasunak onartzeko, larri dauden presoak askatzeko eta zigorren komutazioa Frederic Haranburu, Jakes Esnal eta Ion Paroten kasuan —30. urtea dute preso—. Bestetik, "konponbide orokor eta erabatekoa" galdegin dute: preso eta iheslari guztien gizarteratzea, eta biktima denen ezagutza, egia eta erreparazioa.

"Euskal Herriko bake prozesuak atzera egiterik" ez duela adierazi dute. "Aldebakartasuna izanen da elkarbizitza lasaitu eta demokratikoaren motore". Bake bidearen eraikuntzan "alde guztiak" beharrezko direla deritzote, eta nabarmendu dute herri eragile asko engaiatu dela bide horretan azkeneko urteetan. "Izan gaitezen denak bakegile, bake justu eta iraunkor baten alde, iragana errepikatu ez dadin".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.