Kataluniako epaiketa

Espainiako Fiskaltza: "Konstituzioaren arauen aurka erreferendumera deitzea delitua da, eta delitua izango da"

Matxinada delitua argudiatzeko, Javier Zaragoza fiskalak nabarmendu du "estatu kolpea" izan zela 2017ko Kataluniako erreferenduma, eta "indarkeria" erabili zutela. Akusazioak azken ondorioak aurkezten ari dira prozesu subiranistaren aurkako epaiketan.

Epaiketako aretoa, gaur. ESPAINIAKO AUZITEGI GORENA.
Hodei Iruretagoiena.
2019ko ekainaren 4a
07:05
Entzun

Gogor egin du Javier Zaragoza fiskalak Espainiako Auzitegi Gorenean, Kataluniako prozesuaren eta harengatik auzipetutako independentisten aurka. "2015eko martxoa eta 2017ko urria artean Katalunian gertatu zena, baina batez ere 2017ko udazkenekoa, estatu kolpea izan zen". Epaiketaren hasieran egindako zigor eskaerei eutsi egin die Espainiako Fiskaltzak —zazpi eta 25 urte arteko zigorrak eskatu ditu—, eta azken ondorioak aurkezten ari da gaur: independentista katalanek matxinada delitua egin zutela defendatzeko argudioak eman ditu. Malgutasun gutxi agertu du auziaren mamiaren inguruan, argudiatuz "ustezko autodeterminazio eskubidea" ez dagoela araututa: "Konstituzioaren arauen aurka erreferendumera deitzea delitua zen, delitua da eta delitua izango da".

50. saioa du gaur Kataluniako prozesu independentistaren aurkako epaiketak, eta akusazioen txanda da azken ondorioak aurkezteko. Zigor eskaerak eta auzipetuei egozten dizkieten delituak argudiatu beharko dituzte, Fiskaltzak aurrena, Estatuaren abokatuak ondoren, eta Voxen herri akusazioak, azkenik. Epaiketa datorren astean amaitzea espero da, defentsen ondorioekin eta auzipetuen azken hitzarekin.

Katalunian egindako erreferenduma eta ondorengo adierazpenak matxinada delitu izendatu ditu Zaragoza fiskalak, epaiketaren lehen egunean egin bezala, eta tonu gogorrean gainera: "Estatu kolpea. Hori nahi zuten auzipetuek. Hori da Kataluniako prozesua". Horretarako hiru zutabe erabili zituztela azaldu du: Kataluniako Parlamentua, [Espainiako] "Konstituzioaren aurkako legeak onartzeko"; Generalitatea, "prozesuaren makinista nagusi gisa"; eta ANC eta Omnium Culturalen gisako elkarte zibilak, "ezinbesteko arma" modura. Oriol Junqueras jo du prozesu horren lidertzat. "Ez daude izan ziren guztiak, baina dauden guztiak dira".

Prozesu horretan "indarkeria" erabili zutela ziurtatu du Zaragozak: "Indarkeria hori erabili zuten independentzia adierazpena ahalbidetzeko tresna gisa, nazioartean Espainia estatu errepresore gisa aurkeztuz". Fiskalaren esanetan, ordea, "Eskubide zibilen urraketa bakarra Katalunian [Espainiako] Konstituzioa defendatzen dutenak ari dira jasaten". NBEk berak aurkeztutako txostenen aurka, Zaragozak ziurtatu du Espainiako Estatuan ez dagoela preso politikorik, ez eta "atxiloketa arbitrariorik".

Kataluniako gobernua, "erakunde kriminala"

Consuelo Madrigal eta Jaime Moreno fiskalek ere hartu dute hitza haren ondoren. Morenok auzipetuei egotzi die "indarkeriaz baliatu" izana, eta haien bizkar utzi du urriaren 1eko erreferendumean zaurituen ardura; bai poliziena, bai Poliziak zauritutako herritarrena. "Ez da ez zutela deialdia bertan behera utzi, herritarrei joateko eta poliziei aurre egiteko deia egin zieten. Gertatutako enfretamendua arriskuak sortzen dituenari egotzi behar zaio". Madrigal ere ez da atzean geratu: erreferendumaren gastuei aurre egiteko, Carles Puigdemonten gobernuak "erakunde kriminal baten gisan" jokatu zuela esan du fiskalak, "delituak estaltzeko jokaldiak eta estrategia negazionistak" erabiliz.

Torrent: "Voxen elastikoa daramate togapean"

Euskal Herrian da atzotik Roger Torrent Kataluniako parlamentuko presidentea, eta Goreneko epaiketaz galdetu diote Radio Euskadin egindako elkarrizketan. "Togapean Voxen elastikoa" edukitzea egotzi die Fiskaltzari eta Estatuaren abokatuari, eta esan du "faltsua" dela auzipetuen aurkako akusazioa: "Inoiz ez da matxinadarik egon Katalunian, ezta indarkeriarik ere. Edozein kasutan, libre eta modu baketsuan botoa eman nahi zuten herritarren aurkako Poliziaren indarkeria ikusi zen".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.