Albistea entzun

Negoziazioak Nafarroan

EH Bildu ez dela "aurrerakoia" argudiatuta egiten dio uko PSNk biltzeari

Gaur eguerdian bildu dira PSNko eta Geroa Bai-ko ordezkariak. PSNk gobernu "aurrerakoi" baten alde egiten jarraitzen du baina EH Bildu baztertuta. Dio ez diola babesik emango Navarra Sumari. Bakartxo Ruizek aurretik esan du eskuinari ateak ixteko formula guztiak erabiltzeko konpromisoa duela EH Bilduk. UPN prest agertu da Madrilen Pedro Sanchezen aldeko botoa emateko inbestidura saioan, "ez dadin independentisten esku geratu".

Maria Txibite PSNko gainerako ordezkariekin, Nafarroako Parlamentuan Geroa Bai-rekin bildu aurretik. /
Maria Txibite PSNko gainerako ordezkariekin, Nafarroako Parlamentuan Geroa Bai-rekin bildu aurretik. / Iñigo Uriz/Foku

Joxerra Senar - Ainhoa Larretxea Agirre -

2019ko ekainak 5 07:07

Maria Txibitek bereari eusten dio oraingoz eta Nafarroan Navarra Suma koalizioari gobernua kenduko liokeen gobernu "aurrerakoi eta progresista" bat osatu nahian jarraitzen du. PSNko eta Geroa Bai-ko ordezkariak gaur eguerdian bildu dira, eta ondoren Ramon Alzorriz PSNko antolakuntza idazkariak adierazi duenez, bi dira hauteskunde ondoren honetan sozialistek dituzten "ardatzak": ez diote babesa emango Navarra Sumari eta ez dute elkarrizketarik izango EH Bildurekin. Azken horrekin hitz egiteko borondate faltaz galdetuta hau esan du: "EH Bildu ez da aurrerakoia".

Gaur eguerdian egin dute bilera PSNk eta Geroa Baik Nafarroako Parlamenturako akordio bat bilatu eta gobernua osatu asmoz. PSNtik Maria Txibite, Ramon Alzorriz eta Inma Jurio joan dira eta Geroa Bai-tik, Uxue Barkos, Unai Uhalde, Itziar Gomez eta Ana Ansa. Alzorrizek azaldu duenez, giro onean joan da bilera, eta Nafarroako Gobernuaz gain, "hainbat udalei buruz" eta Parlamentuko Mahaiaren osaeraz ere hitz egin dute. Hala ere, ez omen dute gaur Iruñeko Udalaz hitz egin, nahiz eta Gomez hor izan.

Negoziazioari begira, "pozik eta ilusioz" daude sozialistak, Alzorrizen arabera. Asteon, Ferrazeko hainbat ahots kualifikatuk (tartean Jose Luis Abalos PSOEko Antolamendu idazkaria) begi txarrez ikusi dute balizko inbestidura zein ondorengo legealdia EH Bilduren menpe geratzea. Alta, Alzorrizen arabera, Abalosek ez du negoziazioa hastea galarazi. Beste behin 2007ko abuztuaren kolpearen moduko zerbait gertatuko ote den galdetu diote: "Ez da horrelako egoera errepikatuko", esan du Alzorrizek. Euren helburua da "23 parlamentariren gehiengoa" osatzea. Lortuz gero Txibite inbestidurara aurkeztuko dela zehaztu du. Bere ustez, gehiengo osorik ez izatea "garai berri baten isla da" eta modu horretan legealdian akordioak bilatuko lituzkete.

Geroa Bai: "Talde guztiekin hitz egin behar da"

Unai Hualdek hartu du hitza ondoren eta oso bestelako mezua eman du. Hualdek nabarmendu du ez dutela kanpoko esku hartzerik onartuko, eta horien artean sartu du Navarra Sumak gaur Espainiako Gobernua osatzeko bere abstentzioa truke moduan proposatzea. Geroa Baik ez du aukera gisa ikusten eskuinak babestutako inbestidura bat. "Zarata handia dago Nafarroako egoerari buruz. Prozesu hau hemen hasi behar da eta hemen erabaki".

PSNk EH Bilduri jarritako betoaz ere mintzatu da Hualde. Bere ustez, "talde guztiekin egoera normalizatu batean" hitz egin behar da. Zubilanak egingo al dituzten galdetuta, hala hitz egin du Hualdek: "Ez litzateke arazorik egon behar talde guztien artean hitz egiteko". Udalen inguruan, bakoitzaren planteamenduak entzun dituztela azaldu du Geroa Bai-koak bileraren ostean, baina hortik aurrera ez dutela posizioak hurreratu

Bileraren ostean Hualdek adierazi du ez dutela asko aurreratu gaurko bileran, baina beharrezkoa ikusten du gehiengoak lortzea bai inbestidurarako baita legealdiko egonkortasunari begira. Hori eskatu dio Txibiteri. "Garrantzia ematen diogu egonkortasuna emango duen gehiengoa lortzeari. Argitu beharko digute hori nola lortu nahi duten". Ez diete bileran argitu, beraz, bileran, eta Hualderen hitzetan zuhurtzia ere nabaritu zitekeen; zalantzak dituztela ere onartu du. "Ikusi nahi dugu benetan seriotasunez ari diren. Esan digute bokazioa argia dela", esan du Geroa Bai-koak eta bokazio hitza azpimarratu du.

Bakartxo Ruiz: "Eskuina geldiarazteko ezinbestekoa da EH Bildurekin hitz egitea"

Aurretik Nafarroako Gobernua osatzeko negoziazioen berri eman du EH Bilduk gaur goizean egindako agerraldian. Bakartxo Ruiz lehendakarigaiak hartu du hitza eta aldaketaren edukiei jarraipena emateko eta eskuinari ate isteko formula guztiak erabiltzeko konpromisoa berretsi ditu. Udalak osatzeko negoziazioetan konpromiso berak izango dituztela adierazi zuen Joseba Asiron egungo Iruñeko alkateak pasa den astean.

Maiatzaren 26ko hauteskundeen ondotik fase ezberdin bat dela nabarmendu du Ruizek eta ezberdinen arteko elkarrizketa ezinbestekoa izango dela. PSN interpelatu du zuzenean Ruizek: "PSNk benetan borondatea badu, eskuinari alternatiba eskaintzeko hitz egin beharko du. Eskuina geldiarazteko ezinbestekoa da EH Bildurekin hitz egitea".

PSNk behin baino gehiagotan adierazi du ez duela koalizioa abertzalearekin hitz egiteko asmorik. Gogor salatu du Ruizek PSNk jarritako betoa eta adierazi du "onartezina" dela koalizio abertzalearekin hitz egin nahiz ez izatea: "Gure botoak erabakigarriak dira. Ezin dira 50.000 boto baino gehiago baztertu".

Nafarroari buruzko erabakiak Nafarroan hartu behar direla nabarmendu du Ruizek eta ezin direla Espainiar Estatuko beste interesen menpe hartu: "Nafarroako erabakiak Nafarroan hartu behar dira, ez Ferrazen edo Madrilen". Ruizek argi adierazi du: "PSN antzerkiak egiten ibiltzeak Madrilen mende egotea dakar". Nafarroa ezin dela aldatu daitekeen "kromo" bat izan gaineratu du.

PSNk emandako ezezkoaren aitzinean elkarrizketarako deia luzatu du eta Maria Txibite PSNko idazkari nagusiaren deirik jaso ez duten arren komunikazio bideak irekitzeko esperantza dutela kontatu du. Txibitek datozen egunetan orain arte aldaketaren gobernua sostengatu duten alderdiekin izango ditu bilerak eta Ruizek argi adierazi du ziur dela Ezkerrak, Gero Baik eta Ahal Duguk mahai gainean jarriko dutela EH Bildurekin biltzeko premia.

Kazetariek balizko hauteskundeen errepikapenaz galdetuta Ruizek erantzun du egun agertoki guztiak "irekita"daudela, baina, denek elkarren artean hitz eginez gero ez dagoela zertan egoera hortara iritsi.

Esparza, Madrilen

Javier Esparza UPNko Nafarroako presidentegaia Madrilen izan da gaur Espainiako erregea Kongresuan ordezkaritza lortu zuten alderdiekin egiten ari den bilera errondan. Espainiako presidente izateko hautagai bat izendatzeko egiten du Felipe Borboikoak, eta Esparzak esan dio prest dagoela PSOEko hautagaiarai babesa emateko ez dadin bere inbestidura Euskal Herriko eta Kataluniako independentisten menpe geratu.

"Akordioetara iristeko prest gaude, ez dezaten independentistek giltza izan eta ez dezaten erabaki Espainiako politikaz eta espiniarren etorkizunaz", adierazi du Esparzak. Espainiako Gorteetarako bozetan UPN Navarra Suma koalizioan aurkeztu zen PPrekin eta Ciudadanosekin. Bi diputatu izango ditu koalizio horrek: Sergio Sayas eta Carlos Garcia Adanero. Bilera erronda gaur hasi du Borboikoak ordezkaritza txikiena duten alderdiekin hasita. EH Bilduk eta ERCk uko egin diotela parte hartzeari.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Ortuzar, Forondan bildurikoei mintzatzen. ©Jaizki Fontaneda / FOKU

«Ez Sanchez ez Feijóo: Euskadi» mezua aireratu du EAJk Alderdi Egunean

Berria

Iñigo Urkullu EAEko lehendakaria, Andoni Ortuzar alderdiko burua, eta EGIko Bea Berlanga mintzatu dira Forondako ekitaldian

Arkaitz Rodriguez, gaurko ekitaldian. ©Juan Herrero / EFE

Borrokarako deia egin du Sortuk, «kalean zein erakundeetan»

Berria

Irailaren 27aren harira ekitaldia egin du alderdiak Tolosan

Gaurko ekitaldiko une bat. ©BERRIA

Omenaldia egin diote Katalunian Txikiri, Guardia Zibilak fusilatu zuten lekuan

Berria

Besteak beste, Txikiren anaia Diego Paredes eta EH Bilduko Iñaki Ruiz de Pinedo mintzatu dira ekitaldian

Urkullu eta Andueza, herenegun, Eusko Legebiltzarrean. ©RAUL BOGAJO / FOKU

Zaharrak berria jan du

Iosu Alberdi

Erkorekak baieztatu du transferentzien inguruko elkarrizketak egiten ari direla. Jeltzaleek ez diote erreferentziarik egin estatus politiko berriari

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...