POLIZIA

Polizia Legea ekainaren 27an onartuko du Eusko Legebiltzarrak

Lege proiektua lantzen ari den lantaldeak gaur berretsi du EAJ, PSE-EE eta PPren arteko akordioa, eta datorren astean emango dio batzordeak oniritzia.

Ertzainak Arkautiko akademian (Araba).
Ertzainak Arkautiko akademian (Araba). Raul Bogajo / Foku

Jon O. Urain -

2019ko ekainak 5

Eusko Legebiltzarrak ekainaren 27ko osoko bilkuran emango dio behin betiko onespena Polizia Legearen erreformari. Lege proiektua lantzen ari den lantaldeak bilera egin du gaur, eta bertan berretsi da egitasmoa babestuko dutela EAJ, PSE-EE eta PPk. Hurrengo pausoa gaur zortzi emango dute; egun horretan, batzordean emango diote oniritzia legegaiari. Azkenaurreko tramitea izango da, osoko bilkurak emango baitio azken bedeinkapena.

"Polizia eredua indartzea", berdintasuna eta emakumeen presentzia bultzatzeko neurriak sustatzea eta Ertzaintzaren lan karrera hobetzea. Helburu horiek ditu, nagusiki, Eusko Jaurlaritzak legealdi honetan aurrera atera nahi duen Polizia Legearen erreformak. Bosgarren aldaketa izango da. 1992koa da Euskal Autonomia Erkidegoan indarrean sartu zen lehen Polizia Legea. Ordutik, lau aldiz aldatu dute araua, batez ere Ertzaintzako funtzionarioen ordainsarietan eta Ertzaintzako langileen ordezkaritza sisteman moldaketak egiteko. Oraingoan, azken urteotan Espainiako Gobernuak zein gainerako erkidegoek onetsitako legeetan jasotako berrikuntzak jaso nahi ditu Jaurlaritzak.

Orain, onartzekoak diren lege erreformak aurreikusten du kontrol batzorde bat sortzea eta Ertzaintzara sartzeko adina 38 urtera igaotzea. Beste aldaketa bat izango da emakume ertzainen kopurua handitzea, eta egungo %12tik gutxienez %33ra haztea.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna