1978ko sanferminak

Argentinan dira 78ko Sanferminak Gogoan taldeko kideak, auzitegian deklaratzeko

Argentinako kereilaren barruan, deklarazioa hartuko die Maria Servini epaileak. Plataformako kideak ez ezik, German Rodriguez zenaren senideak eta Iruñeko peñen ordezkariak ere joan dira. Buenos Airesko giza eskubideen batzordeak babesa agertu die.

Frankismoaren kontrako krimenen aurkako kereilako ordezkariak, Argentinan, hango elkarteetako kideekin. CEAQUA
Hodei Iruretagoiena.
2019ko ekainaren 5a
07:38
Entzun

Gaia nazioarteratzen jarraitzeko eta "benetako justiziaren eta erreparazioaren bidean aurrera egiteko" helburuarekin joan dira Argentinara Iruñeko ordezkariak: 78ko Sanferminak Gogoan plataformako kideak, German Rodriguez zenaren senideak eta peñen ordezkariak. Urtarrilean aurkeztu zuten Rodriguezen hilketaren eta 1978ko sanferminetako gertakarien inguruko kereila kriminala, eta hura zabaltzeko ere eskatu zuten martxoan, Martin Villaren txostena eskuratu ondoren. Gaur hartuko die deklarazioa Maria Servini epaileak, eta giza eskubideen aldeko elkarteekin, Maiatzeko Plazako Amekin eta Argentinako Asanblea Nazionaleko eta Senatuko batzorde banarekin biltzeko ere baliatu nahi dute bidaia.

2010etik dago martxan Argentinako kereila, Frankismoak egindako krimenak ikertzeko asmoz. Espainiako Estatuak krimen horiek ikertzea eragotzi du, izan ere, Amnistia legea (1977) argudio gisa erabilita. "Nire esperantza da hemen [Argentinan] mugi daitekeenarekin kontzientziak astindu ahal izatea han", adierazi du Fermin Rodriguezek, German Rodriguez zenaren anaiak. 1978ko sanferminen inguruan jarritako salaketan Rodolfo Martin Villa ministro ohiaren ardura nabarmendu dute, besteak beste.

Argentinan egindako lanaren erakusle, Buenos Airesko Udaleko giza eskubideen batzordeak babesa adierazi die gaur kereila sustatzen ari diren kideei: "Argentinakoa da munduan diktadura frankistaren krimenenen aurkako kausa bakarra, justizia unibertsalean oinarrituta". Gogora ekarri dute, Espainiako JdP Demokraziarako Epaileen txosten baten arabera, Espainia dela munduan gorpua identifikatu eta berreskuratu gabe desagertu gehien dituen munduko bigarren estatua, Kanbodiaren atzetik.

78ko Sanferminak Gogoan plataformakoek Martin Villa txostenean jasotako informazio berriari esker eman zuten pauso berria. Martxoan azaldu zutenez, gizateriaren aurkako krimenak dira Iruñekoak nahiz Gasteizen 1976ko martxoaren 3an egindakoak, "Espainiako errepresio aparatuak jokamolde patroi bat erabili zuelako herritarren kontrako eraso orokor, jarraitu eta sistematizatu bat egiteko".
 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.