liburu aurkezpena

Euskal nazioa, beste modu batez kontatua

Maitasun keinu bat besterik ez liburua aurkeztu du Hasier Arraizek, Donostian. 1970eko hamarkadako euskal idazleen lanak aztertu ditu, eta haien balioak nabarmendu. "Gure tokia bilatu behar dugu mundu berri honetan, euskal ikuspegi batetik”. Solasaldiak egingo ditu politikariekin eta kultur sortzaileekin.

Hasier Arraiz, gaur, Donostian, bere liburuaren aurkezpenean. GORKA RUBIO, FOKU
enekoitz esnaola
2019ko ekainaren 6a
14:06
Entzun

"Nazio kontakizun berria" aldarrikatu du Hasier Arraizek (Gasteiz, 1973) bere lehen liburuan: Maitasun keinu bat besterik ez (Erein) saiakeran. Literatura sakon aztertu du, eta uste du kulturak balio duela eraldaketarako. Kontakizun berriak "ezinbestean etorkizunean kokatuta" egon behar duela deritzo. Gaur goizean aurkeztu du liburua, Donostian, Udal Liburutegian.  

Arraiz euskal politikagintzan nabarmendu izan da, gaztetatik, baina duela hiru urte utzi egin zuen lehen lerroa, Sortuko Kontseilu Nazionaleko presidente eta EH Bilduko legebiltzarkide izateari lagata. Orduan ekin zion liburu honen egitasmoari. "Baina politikan nengoenean ere literatura babesgune pertsonala izan nuen. Pasio bat dut", esan du, aurkezpenean. "Euskaraz egindako kulturari maitasun keinu bat da liburu hau, idazleei eta beste sortzaileei egindako keinu bat".

Segurako auzian atxilotu (2007) eta kartzelan egon zen Arraiz; ondoren, kargu publikoetarako inhabilitazio zigorra jaso zuen. Espetxealdia asko irakurtzeko baliatu zuen, eta, ondotik, Kirmen Uriberekin harremana berreskuratu zuen. Uriberen eta haren belaunaldiko (1970eko hamarkadako) euskal idazleen lanak aztertu ditu, eta iritzi dio badutela Euskal Herriarekiko konpromisoa eta etorkizunari buruzko ikuspegi zabal bat. Bat egiten du haien balioekin. Aurreko belaunaldietako idazleen lana ere nabarmendu du: "Aurreko idazleek egindakoari esker iritsi gara honaino". Dena dela, aurrera begiratu behar dela esan du.

"Postmodernisrmoa neoliberalismoaren laguntzaile kulturala" izan dela deitoratu du, eta uste du gaur egun "neoliberalismoa autoritarismoan" bilakatzen ari dela. Jarrera berrien eta integratzaileen beharra ikusten du, eta berak ere proposamen batzuk egin ditu liburuan. "Neure espazio soziopolitikotik egin ditut, nire ideologiatik, ahal den modurik zabalenean”. Kultura eta politika lotu ditu. "Dena da politika, eta dena da kultura".

"Euskal nazioa beste modu batez kontatzen hasi behar dugu", aldarrikatu du. "Gure tokia bilatu behar dugu mundu berri honetan, euskal ikuspegi batetik". Azaldu du Jose Antonio Agirre Eusko Jaurlaritzako lehendakariak eta haren ingurukoek egin zutela halako saio bat duela ia ehun urte, eta, haien ondoren, Txabi Etxebarrietak-eta ere bai —"Europan baino gehiago luzatu zen aro hori hemen"—. Bi ikuskera horiek "agortutzat" jo ditu, eta ikuspegi berria eskatu.

Alternatibak

"Alternatiba baten" lanketa, betiere, "desberdinen arteko elkarlana" izan beharko litzateke, haren iritziz. Dena dela, "baikor" azaldu da. "Alternatiba baten zumeak badaude Euskal Herrian: ekonomia komunitarioa, kooperatibismoa, feminismoa… Euskal gizartean badaude mundu berri horren ernamuinak". Saretzea jo du gakotzat. "Asmatu beharko genuke alternatiba txikiak saretzen". Lanketa hori "modu demokratikoan" egin behar dela ere defenditu du. "Eta nolakoak izan nahi dugun planteatu behar da, izandakoari eutsi baino gehiago".

Iraganaz hitz egitean, Arraizen aburuz, mundu berri hori eraikitzeko eta gizarte kohesioa bilatze aldera, ausardiaz aztertu behar da Euskal Herrian azken hamarkadetan izandako indarkeria. "Gerraren ilogika batean egon ginen. Enpatia eta autokritika behar dira indarkerien ondorioz erori ziren zubiak berriro eraikitzeko, euskal komunitatea osatzen hasteko. Guztiok egin behar dugu autokritika".

Ondorioz, "narratiba berrien" beharra ikusten du. "Badago nahikoa ahalmen eta talentu".

Iñaki Aldekoa Erein argitaletxeko ordezkariak esan du "liburu aberatsa" dela. "Literatura aztertu du, baina bizi dugun munduaz da", haren esanetan, "eta mundu berriaz egin du gogoeta". 

296 orrialde dauzka Maitasun keinu bat besterik ez liburuak (18 euro). BERRIAk aurreko larunbatean aurrerapena argitaratu zuen.

Politikarien eta kultur sortzaileen arteko solasaldiak

Hasier Arraizek solasaldi batzuen bitartez ere zabaldu nahi ditu liburuko ideiak. Gaur esan duenez, euskal politikariak eta kultur sortzaileak egongo dira solasaldietan, eta iragarri du momentuz parte hartzeko prest azaldu direla Andoni Ortuzar, Miren Larrion, Jon Maia Soria, Igor Elortza, Kirmen Uribe eta Harkaitz Cano. "Eztabaida eraikitzaleak" nahiko lituzke liburuaren egileak.

BERRIAren elkarrizketa aurrerapena

BERRIAk Hasier Arraizen elkarrizketa argitaratuko du bihar. Aurrerapena da hau:

- “Politikan nintzela garai latzak bizi izan genituen eta literaturak salbatu ninduen, burua pentsatzeko edo kontatzeko beste modu batean jartzen dizulako, eta horrek zeure ikuspegia zabaltzen du. Kartzelaldia irakurtzeko baliatu nuen”.

- “Zati guztiak ezinbestekoak dira istorio osoa osatzeko eta bizikidetza berria sortzeko. Garrantzitsua da ikustea gertatutakoak zer sortarazi zigun bakoitzari. Horregatik dakart Ramon Saizarbitoriak behin adierazi zuena: literaturak ez dituela gertaerak kontatu behar, horretarako historia baitago, baina konta lezakeela gertaerek eragin zigutena, sentipenak, bizipenak”.

- “Orain zintzoki esango nuke gatazkaren logika militarrak itsutu egin gintuela. Gatazkaren logikan haustura sakonak sortu ziren. Emantzipaziorako egitasmo batek ezinbestekoa du gizarte kohesioa, eta hautsitako zubiak berriro eraikitzen saiatzea dagokigu”.

- “Saiatu behar gara hegemonikoak izaten; gehiengo berriak osatu behar ditugu. Horretarako, subjektibotasun berriak sortu behar dira. Hegemonia aipatzen dudanean, ikuspegi kultural bati buruz ari naiz; hau da, Gramscik zioen bezala, jendeak kulturalki pentsatzea zentzuzkoena balio jakin batzuk izatea dela”.

- “Badago nahikoa ahalmen eta talentu. Jakin behar da hori guztia ehuntzen. Baina, lehendabizi, onartu behar dugu gizarte berri bat eraikitzeko aurreko ikuskerak jadanik ez digula balio”.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.