Eusko Legebiltzarra

Autogobernu lantaldeko adituek testu artikulatu bat aurkezteko epea atzeratzea eskatu dute

Ekainaren amaierarako aurkeztu behar zuten proposamena, baina epe hori azaroaren 30era atzeratzea eskatu dute.

Eusko Legebiltzarreko autogobernu lantaldeko aditu taldea, Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko presidentearekin, iazko urrian, taldea aurkeztu zen egunean. DAVID AGUILAR, EFE
Gorka Berasategi Otamendi.
2019ko ekainaren 7a
09:48
Entzun

Eusko Legebiltzarrari denbora gehiago eskatu diote autogobernu lantaldeko adituek. Araba, Bizkai eta Gipuzkoarako estatus politiko berri bat proposatu behar zuten, legebiltzarraren aginduz, ekainaren amaierarako; baina azaldu dute epeak ez dituztela beteko. Europa Press berri agentziak parlamentuko iturriak aipatuz adierazi duenez, epemuga azaroaren 30era atzeratzea eskatu dute.

EH Bilduk ohartarazia zuen aditu taldearen lan erritmoa mantxoa zela, eta atzerapen handiarekin ari zela jardunean. Estatus politiko berri baterako testu artikulatuaren proposamena garaiz aurkeztuko ez zuela ere aurreratu zuen koalizio independentistak azken hauteskunde kanpainan. Gauzak horrela, Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiak aurreratu zuen koalizioak bere proposamena aurkeztuko duela ekainaren erdialdean.

Otegiren adierazpenak ez zituen gogo onez hartu EAJk. Andoni Ortuzar alderdiko presidenteak adierazi zuen espero zuela EH Bildu autogobernu lantaldea "lehertu nahian" ez aritzea. Izaskun Bilbao europarlamentari jeltzaleak, berriz, testu artikulatu baterako proposamena aurkeztak adostasuna erabat apurtuko zuela ohartarazi zuen.

EH Bildu prest agertu da aditu taldeari epea luzatzeko, bere lana amaitu dezan, baina atzerapen horrek "denboran mugatua" izan behar duela adierazi du, eta "parlamentuaren agindua betetzeko konpromiso batek" lagundu beharko lukeela gaineratu du.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.