Udal hauteskundeak

EAJk ez du alkategairik aurkeztuko Irunen

Joseba Egibarrek jakinarazi du alderdiak bart gauean hartutako erabakia, eta "xantaia" egitea egotzi dio PSEri. Haren esanetan, azken legealdian udalean gertatutakoa "salatzea" izan da hautagaitza aurkeztearen arrazoia.

Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusia eta Xabier Iridoi jeltzalea. BERRIA
arantxa elizegi egilegor
2019ko ekainaren 8a
08:21
Entzun

Jeltzaleen eta sozialisten arteko harremana mikaztu du Irungo aferak. PSEk hamar hautetsi lortu ditu Irunen; botoen %35. EAJ geratu da bigarren, zazpi aulkirekin —lehen baino bi gehiago—. Sozialistak ez daude prest Gipuzkoako bigarren udalerria beste inoren esku uzteko, eta ohartarazi dute Irungo auzia konpondu ezean "ezegonkortasuna" izango dela nagusi instituzioetan.

Jarrera horren aurrean atzera egitea erabaki du EAJk, eta ez du aurkeztuko alkatetzarako hautagaitzarik. Joseba Egibar GBBko buruak eman du erabakiaren berri, eta "xantaia" egitea egotzi die sozialistei —PSEk esan zuen ez zuela instituzioetan akordiorik egingo Irungoa argitu ezean—. "Jakin badakite alkatetzarako hautagaia aurkeztu izana uneotan Irunen bizi den egoera politikoa salatzeko modu bat dela. Gipuzkoan bi alderdien arteko akordioa gainbegiratzeaz arduratzen den batzordeak erabaki zuen hitzarmena hautsia zela, eta gertatutakoaren erantzulea Jose Antonio Santano alkate sozialista izan zela".

Bi alderdiek ez dute harreman onik Irunen, aurreko legealdian ere ikusi zenez: Santano alkateak Hirigintzako batzordeburu kargutik kendu zuen Iridoi. Egibarrek salatu du erabaki hura "oso larria" izan zela, eta gogorarazi du udalean bertan ikerketa batzorde bat osatu zela alkateak Iridoiren aurka egindako salaketak ikertzeko. "Egia da hori iraganeko kontua dela, baina ez dugu ahaztu behar Santanoren asmoa zela Iridoiren inguruko ustelkeria susmoak zabaltzea".

Egibarrek azaldu du hautagaitzarekin "salaketa bat egitea" zela asmoa, baina PSEk hori baliatu duela EAJ estu hartzeko, argi utziz alderdiak Santanorekiko duen "menpekotasuna". Horretaz oharturik, baina, alderdiak atzera egitea erabaki du, besteak beste, sozialistek hautagaitza "modu bidegabean erabili ez dezaten". Hala ere, aurreratu du Irunen ez dela akordiorik izango di alderdien artean.

Eneko Andueza Gipuzkoako sozialisten buruak ukatu du sozialisten jarrera "xantaia" izan dela , eta nabarmendu du jeltzaleek Irunerako alkategairik ez aurkezteak akordioak errazteko balioko duela: "Ez da gure asmoa izan xantaia egitea. Gurea jarrera irmo bat izan da, ez besterik".

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.