Irungoak baldintzatuko du

EAJ alkatetzarako aurkezteak PSErekin duen itunari eragin diezaioke Gipuzkoako herri batzuetan

Jose Antonio Santano PSE-EEko kide eta Irungo alkatea, duela lau urte, Bilbon. MONIKA DEL VALLE / FOKU.
enekoitz esnaola
Donostia
2019ko ekainaren 8a
00:00
Entzun
Astebete falta da Hego EuskalHerriko alkateen izendapenen udalbatzarretarako, eta Gipuzkoan hainbat aginte makila airean dago. Herrialdeko udalerririk handienetan bigarrenak baldintzatuko du, hain segur, udalen egoera: Irunek (62.000 biztanle). 1980ko hamarkada hasieratik hona, alkatetza PSE-EEren esku dago, eta joan den maiatzaren 26ko udal hauteskundeetan haren alkategaia izan zen berriro gehien bozkatua —Jose Antonio Santano, alkatea 2002tik—, baina Xabier Iridoi EAJren hautagaiak esan du aurkeztuko dela inbestidurara. PSEk ez du inola ere galdu nahi Irungo plaza, eta min hartuko luke. EAJk eta biek EAEn daukaten itun instituzionalari aldez edo moldez eusten badiote han, baliteke gaur zortzi ez gertatzea ustekaberik Gipuzkoako beste inbestidura saioetan. Ordea, Irunen haien haustura gertatzen bada, horrek joko handia eman ahal du herrialdeko beste udalerri batzuetan: Pasaian, Andoainen...

2015eko bozetan bezala, PSEk hamar hautetsi lortu ditu Irunen; botoen %35. EAJ geratu da bigarren, zazpi aulkirekin —lehen baino bi gehiago—. Bi alderdiek ez dute harreman onik Irunen, aurreko legealdian ere ikusi zenez: Santano alkateak Hirigintza batzordeburu kargutik kendu zuen Iridoi. EAJren hautagaiak dio EAJ-PSE ituna «orokorra» dela, baina Irungoa «kasu berezia» dela. Antzeko zerbait adierazi du azken egunetan Markel Olano Gipuzkoako jarduneko ahaldun nagusiak. Gaur zortzi EAJk gehiengo osoa izateko, Elkarrekin Podemosen lau hautetsien eta EH Bilduren hiruen babesa beharko luke bozketan —PPk zinegotzi bat lortu zuen—, eta hori ez dago seguru gaur-gaurkoz, besteak beste Gipuzkoako beste kasu batzuei ere so egin beharko zaielako. Iridoik hilaren 15ean gehiengo osorik izan ezean, Santano alkate.

Kezka Gipuzkoako PSEn

Euskadi Irratiari egindako adierazpen batzuetan, Eneko Andueza PSE-EEren Gipuzkoako idazkari nagusiak kezka adierazi du EAJren jarreragatik. «Iridoik bere hautagaitzari eusteko asmoa badauka, argi eta garbi dugu ez dagoela ezer gehiago berba egiteko alderdi jeltzalearekin». Funtsezkotzat jo du Irungo afera «konpontzea». Iñaki Arriola Jaurlaritzako sailburu eta Gipuzkoako PSEko buru ohiak azaldu du EAJrekin konponbiderik ez badute erdiesten «oso zaila» izango dela «konfiantzazko harreman bat izatea hizketan segitzeko». Santanoren arabera, berriz, Irungo herritarrek ez lukete «ulertuko» bera ez balitz aterako alkate.

Gipuzkoako PSEk EAJri eskatzen dio bien arteko itunak orokorra behar duela, udalerri denetan ere ezartzeko; hots, bietako hautagai bat gehien bozkatua izan denetan, beste alderdiak ez aurkeztea alkategairik hilaren 15ean; eta bietako bat gehien bozkatua izan ez denetan, bietako aurrena aurkeztea alkategai eta beste alderdiaren babesa jasotzea, betiere gehiengo osorako moduko kasuetan; beraz, alkatetza hartzeko.

Ez badute konpontzen Irungo «gatazka» —hala deitu dio Anduezak—, horrek eragina izan lezake beste udalerri batzuetan. Biztanleriari erreparatuz gero, bi dira kasu nagusiak: Pasaia eta Andoain. Bietan EH Bilduren hautagaitza izan zen irabazle, baina PSEk eta EAJk gehiengo osoa dute —sozialistak dira aurretik—. Mendaron, Lezon eta Soraluzen ere EH Bildu geratu zen aurrena, baina EAJk eta PSEk daukate gehiengo osoa —jeltzaleak gelditu ziren aurretik hiruretan—.

Andoainen, askotariko herritar batzuek Aiurri-n artikulu batean esan dute Andoni Alvarez EH Bilduko hautagaiak izan beharko lukeela alkate: «Andoain normaltasunaren bidean murgilduta dago, eta andoaindarrek oso mezu argia eman dute: gidaritza hartzeko aukera Alvarezi dagokio. Herritarren mandatua bermatzekobeharrezko diren pausoak eman beharko liratekeela uste dugu».

Pasaiako EAJk jakinarazi du oposiziora pasatuko dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.