Gizarte zerbitzuak

Aldundia ez da agertu Gipuzkoako zahar etxeetako auzia bideratzeko bilerara

Eusko Jaurlaritzako Lan Sailak deitutako bilera zen, ELA sindikatuaren eskariz antolatutakoa

Gipuzkoako zahar etxetako langileen protesta Gipuzkoako Foru Aldundiaren aurrean, artxiboko argazkian. ANDONI CANELLADA, FOKU
arantxa iraola
2019ko ekainaren 12a
07:20
Entzun

Iazko udaberritik kalean dira Gipuzkoako zahar etxeetako langileak, kexu. Lan hitzarmena berritzeko negoziazioetan aurrerabiderik ez da, eta protestaren bidea hautatuta hilabete ugari daramatzate. ELAk deituta 62 greba egun egin dituzte; LABen eskutik, hogeitik gora. Hori aintzat hartuta, Eusko Jaurlaritzako Lan Sailari auzian esku hartzeko eskatu dio ELA sindikatuak, eta aintzat hartu du Gipuzkoako ordezkaritzak eskea: gaur bilera batera deitu ditu gatazkan zeresana duten eragile guztiak, alegia, sindikatuak, enpresak, eta Gipuzkoako Foru Aldundia. Diputaziotik inor ez dela agertu salatu du, ordea, ELA sindikatuko ordezkari Txomin Lasak. Lan Saileko ordezkariek bileran ez zela infor faltako esan zieten atzo, baina gaur langileen ordezkariak eta patronalekoak bakarrik agertu dira. Gogor kritikatu du Lasak diputazioaren jokatzeko era: "Arduragabekeria iruditzen zaigu; are gehiago, errespetu falta". Horiek horrela, mobilizazioen egutegiak indarrean darrai; ELAk deitutako grebaldia hasiko da ekainaren 17an, eta uztailaren 12ra arte luzatzeko asmoa dute.

ELAren aburuz, bilera honekin nahi zuten auzia konponbiderako bidean jartzea. Negoziazio mahaitik kanpo denbora asko darama sindikatu honek, baina jakina da patronalekin harremanetan ibilia dela, eta haiekin akordio bat hitzartzeko bidea ere urratu zuela; behin baino gehiagotan salatu dute, ordea, Gipuzkoako Foru Aldundiak zapuztu zuela bide hori. Mahai gainera eraman nahi dute gaur egoera hori. LAB sindikatuak ere usu adierazi du aldundiak esku hartu beharko lukeela auzi honetan; azken finean, zaharren egoitzetako toki gehienetan erakunde horrek itundutakoak dira. Aldundiko iturriek, berriz, beti nabarmendu dute lan gatazka bat dela, eta sindikatuek eta enpresek heldu behar dutela akordio batera. Arloan gehiengoa ELA sindikatuak du, langileen %60 ordezkatzen ditu.

Sektorean 5.000 langile inguru ari dira, gehienak emakumezkoak. Langileen eskubideez harago, zahar etxeetako egoiliarrenak ere aintzat hartu behar direla adierazi dute sarritan sindikatuek haien aldarrietan. Horiek horrela, lansariarekin-eta lotutako hobekuntzez gain, ratioetan ere aldaketak eskatu dituzte: ugaritzea nahi dute, zaharren egoitzetan bizi diren gizon eta emakumeak artatzen igarotzen duten astia luzatu ahal izateko, eta ongi zaindu ahal izateko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.