Euskal presoak

Legedi arrunterako "trabarik ez jartzeko" eskatu du Etxerat-ek

Ia bi urte dira EPPK-ko kideak ibilbide juridikoa egiten ari direla, eta %66 horretan dira jada, baina "gazi-gozoa" da balantzea, Etxerat-en esanetan. Irteera baimenak ukatzea deitoratu du, "bereziki".

Etxerat-en agerradia, gaur, Donostian. ANDONI CANELLADA, FOKU
enekoitz esnaola
2019ko ekainaren 13a
08:09
Entzun

Duela ia bi urteko uztailean, barne eztabaida baten ondoren, hiru ardatz zehaztu zituen EPPK Euskal Preso Politikoen Kolektiboak: sakabanaketa amaitzea, deserriratzea bukatzea eta espetxeak hustea: "Batu, herriratu, kaleratu". Ordutik, ibilbide juridiko bat egin dute hainbatek eta hainbatek. "Gazi-gozoa" da balantzea, ordea, gaur Etxerat-ek Espainiako Estatuko egoeraz Donostian emandako prentsaurrekoan esan duenez. Abokatuekin batera egin dute agerraldia euskal presoen senide eta lagunek, eta Espainiako Estatuan diren EPPK-ko kideez datu batzuk eman dituzte. "Onartezina da oraindik indarrean egotea salbuespeneko espetxe politika, sakabanaketa eta urruntzea", salatu du Urtzi Errazkin Etxerat-eko bozeramaileak: "Espainiako Gobernuari eskatzen diogu presoei ez jartzeko trabarik bide juridikoa egiteko".

Etxerat-eko ordezkarien iritziz, EPPK-ko kideen apustua garrantzitsua izaten ari da, baina "salbuespenezko neurriak" ezartzen jarraitzen du Madrilek. Elkarteak zehaztu duenez, EPPK-ko kideen %66k ekin diote barne eztabaidaren ondoren zehaztutako ibilbide juridikoari. "Baina ez zaie indarrean dagoen legedi arrunta ezartzen", azaldu du Onintza Ostolaza abokatuak. Gainerakoek bide juridikoari heltzeko "arazoak" dituztela nabarmendu dute, gainera: urruntzea, tratamendu batzordeen tratua, arrazoi horiengatik abokatuen harremanak izateko zailtasunak...

EPPK-ko 170 kide, lehen graduan

Legedi arrunterako eskaerak egiten ari diren guztiei ere ez diete modu baikorrean erantzun. Izan ere, EPPK-ko preso gehienak lehen graduan daude oraindik —baldintzarik gogorrenak dituzte hor sailkatzen dituztenek—: 170; horietatik, gainera, erregimen itxiko moduluetan dituzte 42. Gradu progresiorako "oztopoak" deitoratu ditu Iñaki Zugadi abokatuak. "Adibidez, denek betetzen dituzte baldintzak lehen gradutik bigarrengora pasatzeko".

Bigarren graduan, EPPK-ko 43 preso daude. Irteera baimenak eskatzen ari dira orain haiek, eta hirugarren gradua ezartzeko ere bai batzuk, Etxerat-ek jakinarazi duenez. Orain arte, egun preso dituztenetatik bakarrari eman diote irteera baimena: Gorka Fraileri, orain dela egun gutxi. Iaz beste lauri eman zieten, baina horiek dagoeneko aske dira. "Bereziki salatu nahi dugun kontua da baimenena: legezko baldintza guztiak beteta izan arren —kondenaren laurdena bete izatea eta bigarren graduan egotea—, sistematikoki ukatzen ari dira irteera baimenak", esan du Ostolazak. "Legedi arruntaren baitan, bigarren graduan dauden presoek baimenak jaso beharko lituzkete, ondoren hirugarren gradua, eta, azkenik, baldintzapeko askatasuna lortzeko".

Auzitegi Nazionaleko Espetxe Zaintzari eskatu diote "politika antiterroristatik at" utzi dela kartzela politika, eta heldu diezaiola, "ausardiaz", euskal presoei eskubideei.

2017ko udazkenetik EPPK-ko 53 kide geratu dira libre Espainiako Estatuan, baina, gehienak, zigorra osorik beteta, Etxerat-en abokatuek esan dutenez. Gaur-gaurkoz, kolektiboko 213 preso daude estatuan.

2017an publiko egindako ondorioetan, EPPK "malgutasunez" jokatzeko prest agertu zen presoak "batu, herriratu eta kaleratzeko", baita presoek beraiek banaka hautatuko dituzten bideak babesteko ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.