Nafarroa

Esparzak Sanchezi eskatu dio bere inbestidura ahalbidetu dezala

Madrilera joan da berriro UPNko presidentea. Bere ustez, Pedro Sanchezen inbestidura "eragozten" dabil Maria Txibite, Nafarroako lehendakaritza "Bilduren eskuetan utzi nahi baitu". PSNk erantzun du ez duela

Garcia Adanero, Esparza, Sayas eta Catalan, gaur, Espainiako Kongresuan. JAVIER LIZóN / EFE
joxerra senar
2019ko ekainaren 13a
12:21
Entzun

PSOEk ezarritako joko eremutik ateratzen ahalegindu da gaur Javier Esparza, Navarra Sumako hautagaia. Aurreko astean, Esparzak berak eskua luzatu zion PSOEri UPNko bi diputatuek Sanchezen inbestidura ahalbidetzeko baldin eta aldi berean sozilistek Nafarroan gauza bera egiten bazuten Navarra Sumarekin. Sozialistek begi onez hartu zuten proposamena baina "soilik" Espainako gobernabidearekin lotuz. Gaur, Esparzak argi utzi du bere proposamena truke bat dela: Espainia Nafarroaren truke.

Horretarako, Esparzak prentsaurrekoa eskaini du gaur Madrilen. Atzo, Carlos Garcia Adanero eta Sergio Sayas Navarra Sumako bi diputatuak (UPNkoak) Jose Luis Abalos PSOEko Antolakuntza idazkariarekin bildu ziren. Espainiako komunikabideen arreta bereganatuta, berearekin ateratzeko aukera gehiago dituela jakinik, Madrilen zabaldu nahi izan du bere mezua.

Esparzaren arabera, bere inbestidurari begira, Sanchezek "independentisten eskuetan" geratuz gero, bere hautua izango da. Navarra Sumako hautagaiaren arabera, Sanchezek baditu "beste aukera batzuk", iragan astean egindako proposamenari erreferentzia eginez. Beste behin, prest agertu da Sanchezen inbestidura ahalbidetzeko. Esparzaren arabera, Navarra Sumako beste bi bazkideek (PPk eta Ciudadanosek) ez dute "inongo arazorik" ikusten.

Haatik, Esparza ez dago prest bestelako akordioetara iristeko "EH Bildurekin autonomia erkidego bat zuzentzeko gai den alderdi batekin". PSOE Maria Txibiteren asmoen aurka itzuli nahirik, Sanchezen inbestidura eragotzi nahi izatea aurpegiratu dio PSNko buruari. "Gutxiengoan den gobernua osatu nahi du, eta Bildun eskuetan geratu. Norberak hautatzen dituen lagunen arduradun da".

Duela bi urte, PSOEk Mariano Rajoyren inbestidura ez ahalbitzeko "ezetza ezetza" da aldarrikatu zuen Pedro Sanchezen, eta mezu horren inguruan lortu zuen gerora PSOEko idazkaritza nagusia. Orain UPNko presidenteak lelo hori erabili du, bere interesen defentsan. "Atzo ez genion esan 'ezetza ezetza da". Atzo esan genion ezetz, baina bere eskuetan dagoela dena". Esparzaren arabera, "inkoherentea" da Sanchez eskatzen dienean PPri eta Ciudadanosi abstenitzeko eta gero Nafarroan ahalbidetzea "hauteskundeak galdu zituztenak batu daitezela".

PSNren mezua

PSNk ohar bat kaleratu du esanez ez duela "ez EH Bilduren ez Navarra Sumaren mehatxu edo xantaiarik" onartzen. "Urduritasuna adierazten dute, politikan modurik okerrenean: mehatxuka, xantaia egiten ahaleginduz edo boto trukea proposatuz". Sozialistek berretsi dute euren posizioa dela "gobernu aurrerakoiak ahalbidetzea" posible den tokietan, eta ez dituztela babestuko ez Navarra Sumaren ez EH Bilduren hautagaitzak.

PSNk "lasaitasuna" igorri nahi izan du. "Eskuinak ez du gehiengorik Nafarroan, eta laukoak herritarren konfiantza galdu du, eta ez dago gobernua errepikatzeko moduan". PSNren arabera, "iragana iragan da, eta orainari zein etorkizunari aurre egiteko ordua da".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.