udalen osaketa

EAJk eta EH Bilduk gobernu akordioak lortu dituzte Guardian eta Bastidan, PPk ez gobernatzeko

Arabako bi herri horietan nagusitu zen PP udal hauteskundeetan; bietan, ordea, gehiengo absolutua eskuratuko dute EAJk eta EH Bilduk. Nafarroan, "xantaiarik" ez egiteko eskatu die PSNk EH Bilduri eta Navarra Sumari: "Gobernu aurrerakoiak eraikitzeko konpromisoa beteko dugu posible den herrietan".

Alonso, Maroto, Oiarzabal eta Comeron, Guardiako kaleetan, kanpainan. ADRIAN RUIZ DE HIERRO / EFE
jon olano
2019ko ekainaren 13a
07:17
Entzun

Maiatzaren 26ko hauteskundeen ostean, etzi osatuko dira Araba, Bizkai, Gipuzkoa eta Nafarroako udalak, eta saio horietan aukeratuko dituzte alkateak. Horietako asko erabakita daude jada, lehen indarra izan zirenek gehiengo absolutua lortu zutelako, baina, beste hainbat udaletan, gerta liteke oposizioko bi indarrek bat egitea eta alkatetza eskuratzea.

Hori horrela, azken orduko negoziazioetan ari dira alderdiak hainbat herritan. Negoziazio horiek gobernu akordioa ahalbidetu dute Bastidako eta Guardiako kasuan. Arabako Errioxako bi herri horietan, PP izan zen indar politiko nagusia; Guardian hiru zinegotzi lortu zituen, eta Bastidan, lau. Bi herrietan, ordea, bederatzina zinegotzi daude udaletan, eta, beraz, PPk ez du gehiengo absoluturik ez batean eta ezta bestean ere.

Horiek horrela, bi herrietan gobernu akordioa adostu dute EAJk eta EH Bilduk. Bien artean bost zinegotzi dituzte Bastidan eta Guardian, eta, beraz, ziurtatuta dute gehiengo absolutua eta, harekin, alkatetza. Bi kasuetan, EAJ izan zen bigarren indarra. Ibon San Saturnino EH Bilduko Arabako Mahai Politikoko koordinatzaileak eman du negoziazioen berri, goizean. Orduan aurreratu du elkarrizketak "bide onetik" doazela. Akordioa egina zegoela jakinarazi dute arratsaldean.

San Saturninok azaldu du indar subiranistaren asmoa dela PP "boteregune guztietatik" kentzea, iritzita bere kudeaketa herritarren interesen kontrakoa dela: "Aurretik egin dugu, baina aurreko legealdian ikasi dugu ez dela nahikoa PP alkatetza batetik kanporatzea, baizik eta horrekin batera beharrezkoa dela legealdirako ibilbide orri bat eta gobernantza eredu bat adostea ere". Ildo horretan, EH Bilduk EAJrekin batera koalizio gobernuak osatzeko "borondate irmoa" daukala esan du, “egonkortasuna eta gobernagarritasuna” bermatzeko.

Alonsoren oharra

PPk, ordea, alkatetza eskuratu nahi du Arabako bi herrietan. PPk Euskal Autonomia Erkidegoan dituen alkatetza bakarrak dira, Mañuetarekin eta Navaridasekin batera. PP prest legoke Kuartangon "keinu" bat egiteko. Han, EH Bildu eta EAJ berdinduta daude botoetan eta eserlekuetan, eta PPren esku dago berdinketa hori apurtzea eta alkatetza jeltzaleei ematea.

Gaur, berriz, EAJri ohar egin dio Alfonso Alonso PPko EAEko presidenteak: esan du "goiz" dela jakiteko PPk Eusko Jaurlaritzaren 2020rako aurrekontu proiektua babestuko duen, baina esan du "kontraesana" litzatekeela EAJk "osasun kordoi bat" ezartzea PPri eta, aldi berean, Eusko Legebiltzarrean akordioak egin nahi izatea: "Eskatzen diegu, gutxienez, ez diezaguten burua modu horretan zapaldu, eta esan diezaguten ea PP edozein modutan kanporatu behar den".

"Xantaiarik" ez

Beste herri batzuetan, argituz doa zer gertatuko den etzi. Tafallan, esaterako, alkatetzari eutsiko dio EH Bilduk. Akordioa hitzartu dute indar subiranistak, Iniciativa Por Tafalla herri plataformak, Ezkerrak eta Geroa Baik.

Nafarroan, ikusteko dago nola jokatuko duen PSNk udaletan eta herrialdeko gobernuaren osaketan. Azken egunetan, hainbat eragilek Maria Txibite PSNko lehendakarigaiari eskatu diote gobernuburu izateko hautagaitza aurkezteko eta, gobernu "aurrerakoi" bat osatzeari begira, "ezkerrera" begiratzeko, EH Bilduri betoa kenduta. Beste aldetik, lehen indarrari gobernatzen uzteko eskatu dio Navarra Sumak, gobernabidearen giltza ez dezan EH Bilduk eduki.

Gaur, ohar bat zabaldu du PSNk, ohartarazteko ez duela onartuko EH Bilduren eta Navarra Sumaren "xantaiarik edo mehatxurik": "Agerian uzten ari dira urduri daudela, modurik okerrenean: mehatxatuz, xantaia egiten saiatuz edo botoak trukatuz". Sozialistek erantsi dute "gobernu aurrerakoiak eratzeko konpromisoa" beteko dutela "posible den" herrietan, "Navarra Sumako eta [EH] Bilduko hautagaitzei botoak ez emateko posizioarekin bat eginez eta tokiko taldeen irizpidea kontuan hartuz".

Errenterian, koalizioa

EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek koalizioan gobernatuko dute Errenterian (Gipuzkoa). Bi indarrak gobernu koalizioa osatzeko akordioa lortu dute gaur, eta, hala, gehiengo osoa ziurtatu dute. Aizpea Otaegi izango da Errenteriako alkate berria.

Azken udal hauteskundeetan, EH Bildu izan zen indar bozkatuena. Bederatzi zinegotzi eskuratu ditu. Sei ditu PSE-EEk, hiru EAJk eta bete horrenbeste Elkarrekin Podemosek. Azken lau urteetan, elkarrekin gobernatu dute EH Bilduk eta Errenteria Irabaziz hautagaitzak.

Gobernu akordioa publikoki izenpetu dute gaur arratsaldean, Foru Plazan.

Arrigorriagan, EH Bildu

EH Bilduk eskuratuko du aginte makila Arrigorriagako Udalean (Bizkaia), Arrigorriaga Gara hautagaitza independentearekin akordioa lortu eta gero. Horrenbestez, Maite Ibarra izango da alkate. Koalizioak etena jarriko dio EAJren 39 urteko aginte aroari.

Arrgorriagan, EH Bildu izan zen indarrik bozkatuena azken udal bozetan, eta sei zinegotzi lortu zituen. Ordezkari kopuru bera du EAJk ere. Arrigorriaga Gara-k eta PSE-EEk bina zinegotzi dituzte, eta bakarra du NOAk. EH Bilduren eta Arrigorriaga Gararen ordezkariek ez dute gehiengo osorik, eta boto kopuru bera du EAJren eta PSE-EEren arteko baturak ere. NOAren abstentzioak ordea, zerrendarik bozkatuenari emango dio agintea. Hau da, EH Bilduri.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.