Inbestidura saioak. Udalak. Bastida

PPren makila preziatuenak jokoan

Alderdi popularraren zerrenda izan da gehien bozkatua Arabako Errioxako Bastidan eta Guardian, baina baliteke EAJk eskuratzea alkatetzak, EH Bildurekin bat eginez gero

Alonso, Maroto, Oiarzabal eta Comeron, Guardiako kaleetan, kanpainan. ADRIAN RUIZ DE HIERRO / EFE.
Edurne Begiristain.
Gasteiz
2019ko ekainaren 13a
00:00
Entzun
Larunbatean argituko da nork eskuratuko duen alkatetza Arabako Errioxako bi udalerririk garrantzitsuenetan, Bastidan eta Guardian. Maitzaren 26ko udal hauteskundeetan, PP izan zen gehien bozkaturiko alderdia bi herri horietan, baina baliteke eskuineko alderdiak bi udaletako aginte makilak galzea, baldin eta EH Bilduk eta EAJk akordioa lortzen badute jeltzaleei alkatetza emateko —PPk EAEn dituen alkatetza bakarrak dira, Mañuetarekin eta Navaridasekin batera—.

Bastidan, PPk eskuratu zituen boto gehien azken hauteskundeetan —326 boto; lau zinegotzi—, bigarren izan zen EAJ —306 boto; hiru zinegotzi— eta hirugarren EH Bildu —160 boto; bi zinegotzi—. Popularrek babesa behar dute alkatetza eskuratzeko, baina artean ez dute lortu. Eta saiatu saiatu dira, baita eskaintza harrigarriak eginda ere: duela egun batzuk, PPko hautagai Daniel Garciak gobernua osatzeko proposamena egin zion EH Bilduri, eta bi sail hartzeko aukera eman zion —euskara eta kirola—. Arabako PPko Iñaki Oiartzabal presidenteak berehala ezeztatu zuen Garciak egindako proposamena, eta gaitzetsi egin zuen edozein negoziazio egitea ezkerreko koalizioarekin. «Ez da EH Bildurekin akordiorik izango, ez Bastidan, ez inon», azpimarratu zuen, irmo.

PPk ez ezik, EAJk ere eskua luzatu dio EH Bilduri akordioa egiteko. PPri aginte makila kendu asmoz, jeltzaleek EAJren alkategaia babestu eta gobernua osatzeko proposamena egin diote koaliazioari; etzi jakingo da akordioa posible izan den.

Guardiako egoera oso antzekoa da. Popularren gotorleku historikoa da Guardia, baina hura ere gal lezakete, jeltzaleen mesedetan. PP izan zen gehien bozkatutako alderdiabozetan —294 boto eta hiru eserleku—, baina oso gertu daude jeltzaleak —270 boto eta hiru eserleku—. Hirugarren indarra da EH Bildu —225 boto eta bi eserleku—. Sozialistek, berriz, ez dute ordezkaririk lortu. EAJk eta EH Bilduk bat eginez gero, jeltzaleena izan liteke herriko alkatetza.

Zigoitia eta Kuartango, aldagaiak

Kike Fernandez de Pinedo Arabako EH Bilduko hautetsiak herenegun baieztatu zuen badagoela aukera Bastidako eta Guardiako alkatetzak PPri kentzeko. Hark azaldu zuen EAJrekin «alternatiba» bat eratzeko negoziazioetan ari direla Arabako Errioxan, baina ohartarazi zuen Bastidan eta Guardian akordiorik ez dela egongo baldin eta Zigoitian EAJk eta PSEk bat egiten badute eta alkatetza kentzen badiote EH Bilduri.

Arabako PP, berriz, kezkatuta dago Arabako Errioxan gerta litekeenarekin, eta oharra bidali die jeltzaleei: Bastidako eta Guardiako alkatetzak popularren esku uzten badituzte, PP prest legoke Kuartangon «keinu» bat egiteko. Kuartangon EH Bildu eta EAJ berdinduta daude botoetan eta eserlekuetan, eta PPren esku dago berdinketa hori apurtzea eta alkatetza jeltzaleei ematea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.