Foru hauteskundeak

Ana Otadui hautatu dute berriz Bizkaiko Batzar Nagusietako lehendakari

Batzar nagusietako mahaian gehiengoa izango dute EAJk eta PSEk; EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek ordezkari bana lortu dute.

Ana Otadui, gaurko osoko bilkuran. MIGUEL TOñA / EFE
2019ko ekainaren 17a
12:49
Entzun

Sorpresarako tarterik ez zen Bizkaiko Batzar Nagusietan: Ana Otaduik (EAJ) beste legealdi bat egingo du batzar nagusietako lehendakari karguan. 2015ean ere hautatu zuten kargu horretarako, eta gaur Gernikan egindako bilkuran ere bera izan da boto gehien jaso dituena. PSEko eta EAJko 32 diputatuen babesa jaso du, eta abstenitu egin dira EH Bildu, Elkarrekin Podemos eta PP.

Batzar nagusietako mahaian gehiengoa izango dute jeltzaleek eta sozialistek. Begoña Gil (PSE) izango da lehendakariordea, eta Koldo Mediavilla (EAJ) lehen idazkaria. Zigor Isuskiza (EH Bildu) izango da bigarren lehendakariordea, eta Emilio Lobato (Elkarrekin Podemos) bigarren idazkaria. Kargu horiek lortzeko, elkar babestu dute oposizioko bi alderdi horiek. PPk bi ordezkari baino ez ditu batzar nagusietan, eta abstenitu egin da bozketa guztietan.

Kargua hartu ondoren, Otaduik nabarmendu du lau urte dituztela "Bizkaiaren alde lan egiten jarraitzeko", eta ziurtatu du "guztien presidente" izatea dela haren asmoa: "Batzarkide guztiena, eta bizkaitar guztiena". Helburuen artean, Batzar Nagusiak ezagutaraztea eta gizonen eta emakumeen arteko "berdintasun erreala" sustatzea aipatu ditu.

Arabako Batzar Nagusiak joan den ostiralean osatu zituzten, eta datorren astean egingo dute Gipuzkoakoak osatzeko bilkura.

Gasteizko Udalean ere, EAJ-PSE

Larunbatean udalbatza osatu ondoren, gobernu akordioa aurkeztu dute gaur Gasteizen EAJk eta PSEk. Gorka Urtaran alkateak eta Maider Etxeberria PSEren bozeramaileak jakinarazi dutenez, Alkatetzaz gain, beste hamabi arlotan banatu dute gobernua. EAJk kudeatuko ditu Berdintasuna; Ogasuna; Giza Baliabideak; Lurralde antolamendua eta Klimaren ingurukoa; Mugikortasuna eta Espazio Publikoa; eta Kirola eta Osasuna. PSEren esku geratuko dira, bestalde, Hiri Segurtasuna; Hezkuntza eta Kultura; Politika Sozialak, Adineko Pertsonak eta Haurrak; Parte Hartzea, Gardentasuna eta Gizarte Etxeak; Udal Administrazioa; eta Sustapen Ekonomikoa, Enplegua, Turismoa edo Komertzioa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.