EUSKAL PRESOAK

Zuerako espetxera gerturatu dute Ekaitz Samaniego

Bestalde, hirugarren gradua eman diote Jose Angel Otsoa de Eribe presoari.

Samaniegoren aldeko martxa, 2012ko urtarrilean. Manifestazioan atxilotu zuten. RAUL BOGAJO / FOKU
jon olano
2019ko ekainaren 17a
07:15
Entzun

Segiko kide izateagatik zortzi urteko espetxe zigorra berretsi zion Espainiako Epaitegi Gorenak Ekaitz Samaniegori, 2009an Gasteizko tranbiaren geltoki baten aurkako erasoan parte hartu zuelakoan, eta 2012an atxilotu zuten, Gasteizen haren alde eginiko manifestazio batean.

Espainiako Espetxe Zuzendaritzako Idazkaritza Nagusiak jakinarazi duenez, Murtzia I espetxeko Tratamendu Batzordeak proposatu du hura Euskal Herrira gerturatzea, eta Zuerara (Zaragoza, Espainia) lekualdatu dute. 2018ko urtarrilean bete zituen zigorraren hiru laurdenak.

Bestalde, Espetxe Zuzendaritzak onartu egin du hirugarren gradua ematea Jose Angel Otsoa de Eribe Landa euskal presoari. 2000ko urtarriletik dago preso, eta 30 urteko zigorra ezarri zioten. 2016ko abenduan bete zituen zigorraren hiru laurdenak. Castello I kartzelan dago, eta bertako espetxeko Tratamendu Batzordeak proposatu du gradu aldaketa, espetxe araudiko 104.4 artikuluari jarraiki, arrazoi humanitarioak direla-eta.

Artikulu horrek dio hirugarren gradua izan dezaketela "mediku txostenen arabera gaixotasun sendaezinak" dituzten presoek, "duintasun pertsonalagatik". Jaiki Hadi elkarteak apirilean emandako datuen arabera, hogei dira gaixo dauden euskal presoak. Horietatik hamalau izen publikoak dira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.