Nafarroako Parlamentua

Hualde Parlamentuko Mahaiko presidente, eta Ramirez idazkari

Navarra Sumak izan ezik, gainontzeko talde guztiek babestu dute Unai Hualderen (Geroa Bai) hautagaitza. Mahaiaren izendapenak bete egin ditu Geroa Baik PSNri gobernu osaketarako egin zizkion eskariak. Mahaian bi aulki gehitzeko Geroa Bairen konpromisoa lortu du PSNk, eta ordezkaritza izan arren, EH Bilduren eragin ahalmena murriztuko luke horrek.

Maria Txibite gaur Parlamentuan, Unai Hualde zoriontzen. JESUS DIGES, EFE
2019ko ekainaren 19a
07:11
Entzun

Azken orduan, baina izan da akordioa PSN, Geroa Bai, Ahal Dugu eta Ezkerraren artean. Hala adierazten du behintzat Nafarroako Parlamentuko Mahaia osatzeko bozketak; bigarren itzulian bada ere, Unai Hualde Geroa Bairen hautagaia aukeratu dute Mahaiko presidente, eta EH Bilduk ere izango du bere lekua, Maiorga Ramirezen eskutik. PSNk babesa eman dio Geroa Bairen hautagaiari, eta aldeko 30 boto jaso ditu Hualdek: Geroa Bairenak, PSNrenak, EH Bildurenak, Ahal Dugu-renak eta Ezkerrarena. Lehen itzulian bezala, Iriartek 20 jaso ditu, Navarra Sumaren parlamentarienak. Gehiengo horiek erakutsi dezakete bide bat gobernua osatzeko negoziazioetarako, baina estuak dira adostasunak, azken unera arte PSN eta Geroa Bai negoziatzen aritu izanak erakusten duenez.

Presidentea hautatu ondoren, bi presidenteordeak aukeratu ditu parlamentuak. PSNko Inma Jurio izendatu dute lehen presidenteorde, 23 botorekin —PSN, Geroa Bai, Ahal Dugu eta Ezkerrarenak—. Bigarren lehendakariordea Yolanda Ibañez Navarra Sumakoa da. Bere taldeko 20 botoekin aukeratu dute Milagroko alkate ohi eta UPNko idazkari nagusia. EH Bilduk zuri bozkatu du. Mahaiko bi idazkaritzetarako, hiru hautagai izan dira: Juan Luis Sanchez Muniain (Navarra Suma), Maiorga Ramirez (EH Bildu) eta Ainhoa Unzu (PSN). Sanchez de Muniainek 20 boto jaso ditu, 17 lortu ditu Ramirezek eta 11 Unzuk. Beraz, Sanchez de Munian izendatu dute lehen idazkari eta Ramirez bigarren idazkari. Ahal Dugu-k zuri bozkatu du. Ezkerrak, berriz, EH Bilduko hautagaia babestu du.

Hualdek parlamentuko presidente gisa egin dituen lehen hitzetan adierazi du "Nafarroaren garapena" eta haren "pluraltasuna" babestera bideratuko duela bere jarduna. Hualderen esanetan, gobernabidea "atzo baina gertuago" dago, baina zuhur jokatu nahi du, "itxaropentsutzat" jo arren gaurkoa.

Horrenbestez, Nafarroako Parlamentuko Mahaiaren osaketak bete egin ditu Geroa Baik gobernu osaketarako negoziazioetan PSNri egin zizkion eskariak: parlamentuko presidentetza bere esku gelditzea eta EH Bilduk mahaian ordezkaritza izatea. Mahaiaren osaketak bidea erraztu diezaioke, beraz, PSNren eta Geroa Bairen arteko negoziazioei. Bultzada bat behar zuen saialdi horrek, azkenean akordio batean gauzatuko bada. Izan ere, udalen osaketan PSNk hartutako erabakiek ozpindu egin zuten bien arteko negoziazio ahalegina. Andoni Ortuzar EAJko presidentea pozik agertu da Hualderen izendapenarekin.

Bi aulki gehitzeko konpromisoa

PSNk ere atera du onurarik. Hualderi babesa ematearen truke, Geroa Bairen konpromisoa lortu du parlamentuko mahaiari bi aulki gehiago gehitzeko, eta modu horretan EH Bilduren eragiteko ahalmena apalduko litzateke. Eledunen Batzordeak luzatuko du proposamen hori. Aldaketak parlamentuko araudia moldatzea eskatuko luke eta ganberako zerbitzu juridikoek aztertu behar dute bideragarria den ala ez. Aldaketa gauzatuko balitz, bi kide horiek PSNko ordezkari bat eta Ahal Dugu-ko beste bat lirateke. Era horretara, PSNk, Geroa Baik eta Ahal Dugu-k gehiengoa izango lukete mahaian —lau boto—, eta ez lukete Navarra Sumaren edo EH Bilduren babesik beharko erabakiak hartzeko. Ramon Alzorriz PSNko legebiltzarkide eta PSOEko Lurralde Antolakuntza idazkariak aipatu du mahaiaren osaketa horrek gobernuaren gehiengoa islatuko lukeela. 

Mahaiaren osaketarako, akordio ahalegin ugari egin dituzte PSNk eta Geroa Baik. Parlamentuko saioa hasi aurretik, eta bezperan ere bildu dira, baina akordiorik gabe amaitu dituzte aldeek bilerak. Ez zituzten argitu negoziazioen nondiko norakoak, baina gaurko bozketa ikusita, argi dago Mahaian gehiengoak nola islatu eta karguak nola banatu eztabaidatu zutela. EH Bilduk mahaian izan beharreko tokia zen eztabaidagai nagusia, eta lortu dute hori bideratzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.