Kartak erakusteko ordua da

Gaur hautatuko da parlamentuko mahaia, eta Geroa Baik egonkortasuna funtsezkotzat jo du. PSNk eskaini du mahaian EH Bilduk «ahotsa izatea baina boto eskubiderik gabe»

Unai Uhalde Geroa Baiko ordezkaria, bart, Iruñean, PSNrekin-eta izandako bileraren eten batean. IÑIGO URIZ / FOKU.
joxerra senar
Iruñea
2019ko ekainaren 19a
00:00
Entzun
Gaur neurtuko da zenbateraino nahi duen Nafarroako gobernu egonkor bat PSNk. Larunbatean udalen osaerak tenperatura politikoa igo zuen, eta, oraindik ere gertatutakoaren ondorioen sugarrak itzali gabe jarraitzen dutela, gaur bigarren partida erabakigarria jokatuko da. Hamargarren legealdiko Parlamentuko Mahaia eratuko dute, eta bertako bost kideen hautaketak esanahi politiko berezia izango du. Alderdi bakoizak erakusten duen jokabidearen arabera —bereziki, PSNk—, neurtu ahal izango da zer kolore politiko izango duen gobernuak, eta, horri lotuta, zer norabide har dezakeen legealdiak. Atzo goiz eta arratsaldean, bilera bana egin zuten Geroa Baik, PSNk, Ahal Dugu-k eta Ezkerrak. Bart, orri hau ixterako, akordioa lortzetik urrun jarraitzen zuten.

Iragan asteazkenetik jakinarazi zien Geroa Baik PSNri eta EH Bilduri bere proposamena, eta hala ezagutarazi zuen herenegun bertan prentaurrekoan: Geroa Baik parlamentuko presidentza izan nahi du eta, halaber, mahaian EH Bilduk presentzia izan behar duidazkari postua. PSNk begi onez hartu du presidentetzaren aukera, baina, udaletan gertatu bezala, PSOEk ezarritako betoari eusten dio eta mahaitik kanpo nahi du EH Bildu. Bi posizioen artean ez dago erdibiderik. Negoziazioetako iturriek baieztatu zutenez, ez zen posible zatikako akordiorik izenpetzea. Edo akordioa zegoen, edo ez zegoen.

Horregatik, negoziazioak luze jo zuen. Goizean, aurretik mahai gainean zituzten proposamenak aztertu zituzten lau alderdiek. Bileratik aterata, ez zuten argitu negoziazioen nondiko norakoak. Erlojuaren atzerako kontaketa hasia zegoen. Arratsaldeko lehen orduan lau alderdietako zuzendaritzek, banaka, berriro aztertu zuten egoera, eta 19:00etan berriro elkartu ziren laurak parlamentuan. 22:00etan bilduta jarraitzen zuten. Etenaldia egin zuten 22:15ean, baina aurpegietan nabari zen gauza gaizki zihoala. Negoziazioko iturriek baieztatu zutenez, akordiorik ez dago, etaorain gakoa da nor agertzen den hausturaren erantzule modura.

Larunbatean PSNk bere indargunea baliatu zuen hainbat udal ezustean lortzeko eta beste hainbat udal erabakigarri Navarra Sumaren eskuetan uzteko. Jokabide horrek susmoak eragin ditu ea aurretik hitzarmenik ote zegoen Navarra Sumaren eta PSNren artean.PSNk irmo ukatu du hori.

Parlamentuko mahaiaren kasuan, ordea, PSNk ez du indarrik baldintzatzeko, eta mahaitik kanpo geratzeko arriskua du. Geroa Bairen eskaera onartzeak, ordea, amore ematea eta Ferrazen agindua ez betetzea esan nahiko luke. Blokeo hori saihestu baina berearekin atera nahirik, astelehenean PSNk proposatu zuen aurrerago EH Bildu mahaian sartu ahal izatea, «ahotsarekin baina boto eskubiderik izan gabe». Horretarako legebiltzarreko araudia aldatu egin beharko litzateke, eta aldaketa udazkenean egin beharko litzateke, konfiantza boto handia emanez PSNri. Bitartean, sozialistek planteatu dute idazkaria Ahal Dugu-ren eskuetan uztea—bi parlamentari ditu—. Proposamen horrekin negoziazioetan aurrera egin eta denbora irabaziko luke PSNk. Negoziazio iturrien arabera, Ahal Dugu-k bat egin zuen proposamen horrekin.

Herenegun ohartarazi zuen Uxue Barkos Geroa Baiko hautagaiak PSNrekiko konfiantza «hautsi ez baina 2007ra itzuli» dela, abuztuko kolpeko garaietara. Geroa Baik argi utzi nahi izan die sozialistei mahaiaren osaeran gehiengoa izatea garrantzitsua dela, organo horrek kontrolatzen baititu Parlamentuan tramitatu beharreko gaiak. Gehiengorik gabe, Navarra Sumak luke giltza.

Orrialde hau ixterako, bi aldeek ez zuten amore eman, batak edo besteak atzera egin beharko luketelako. Geroa Baik argi du gaurko bozketak argi erakutsiko duela PSNren asmoa. Presidentea hautatzeko bigarren itzulirako Navarra Sumako eta Geroa Baiko hautagaia geratuko lirateke, eta hor ikusiko da norantz joko duen PSNk. Boto horren arabera, joango dira argitzen mahaiko beste kideak zer alderdietakoak izango diren. Ezin da baztertu PSN kanpoan geratzea, edo, Navarra Sumaren laguntzaz, PSNk EH Bildu mahaitik at uztea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.