Nafarroako Parlamentua

Esparza: "Moralgabea da PSNk EH Bilduren abstentzioarekin agindu nahi izatea"

PSNk Parlamentuko presidentetzarako Geroa Bai babestu izana gobernu osaketarako bultzada izan daiteke. "Garai berriak datoz, eta horiek PSNk zuzendu behar ditu", esan du PSNk. EH Bilduk ohartarazi du sozialistak koalizio abertzalea baztertzearen aldekoak direla oraindik.

Javier Esparza. JAVIER LIZON, EFE
2019ko ekainaren 19a
07:13
Entzun

Haserre agertu da Javier Esparza Navarra Sumaren presidentegaia PSNren eta Geroa Bairen arteko akordioarekin. "Moralgabetzat" jo du hark sozialistek Nafarroako Gobernua zuzendu nahi izatea, batez ere horretarako EH Bilduren abstentzioa beharko luketelako: "Hiltzaileen lagunekin ezin da akordiorik egin, eta euren erabakia azaldu beharko diote sozialistek Espainiako herritarrei. Azaldu beharko dute zergatik onartu duten xantaia hori". Horrek guztiak Espainiako presidentearen inbestidura saioan izan dezakeen eraginaz galdetuta, Esparzak erantzun du gaur-gaurkoz ezin diotela Sanchezi babesik eman.

Hualdek PSNren, EH Bilduren Ahal Dugu-ren eta Ezkerraren babesa izan du, Geroa Bairenaz gain. Azken ordura arte iraun dute PSNren eta Geroa Bairen arteko elkarrizketek, Nafarroako Parlamentuko presidentetza noren esku geldituko zen erabakitzeko. Goizeko lehen orduan negoziazioak porrot egin zuela zirudien, baina azken momentuan akordioa erdietsi dute bi indarrek, Hualde presidente hautatzeko.

Mahaian ordezkaritza lortu izana "aniztasunaren isla" dela esan du Bakartxo Ruiz EH Bilduko diputatuak, baina ohartarazi du koalizio abertzalea baztertzearen aldekoa dela oraindik ere PSN. "Mahaian egotea urrats bat da, baina ez da sozialistei esker izan. Beraz, ikusiko dugu zer pauso ematen dituzten datozen egun eta asteetan".  Ruizen "lotsagarri" iritzi dio PSNk gaur emandako irudiari eta herritarrekiko "errespetuz" jokatzeko eskatu dio.

Geroa Baiko Koldo Martinezek zehaztu du egun baterakoa izan dela PSNren lortutako akordioa, baina hori etorkizunean "gobernu anizkun bat" osatzeko oinarria izan daitekeela. "Akordioa ez zen ezinezkoa, zaila zen. Baina Geroa Bain pozik gaude bozketaren emaitzarekin. Pozik gaude indar aurrerakoiek agertutako jarrerarekin".

Andoni Ortuzar EAJko presidenteak ez du bere poza ezkutatu, Nafarroako Parlamentuak Geroa Baiko Unai Hualde mahaiko presidente hautatu ostean. "Nafarroako Parlamentua eskurik onenetan dago", adierazi du bere Twitter kontuan.

Antzera hitz egin du Ramon Alzorrizek ere. PSNko Antolaketa idazkariak nabarmendu du "aro berri bat" zabaldu dela, baina helburuak lehengo berbera dela oraindik ere: hau da, "gobernu aurrerakoi bat" eratzea. "Gaur argi eta garbi esan da ez duela balio lehengoak, eta ezta orain arte zegoenak ere. Garai berriak datoz, eta horik PSNk zuzendu behar ditu".

Ahal Dugu-ko idazkari nagusi Eduardo Santos pozik agertu da, haren hitzetan, gaurko saioak erakutsi duelako parlamentuan ez dagoela "gobernu ekintza eragotzi edo trabatu dezakeen gehiengo kontserbadorerik". Ahal Dugu-koak azaldu du boto zuria eman dutela idazkaritzak hautatzean: "Nahiz eta pluraltasuna eta mahaia zabaltzean laugarren indar politikoak—EH Bildu— lekua izatea errespetatzen genuen, lehen bozkean egon behar zuelako gehiengo bat erantzungo ziona gobernua osatuko duen 23 eserlekuko gehiengoari —PSN, Geroa Bai, Ahal Dugu eta Ezkerra— ". Gustora agertu da Ezkerrako parlamentari Marisa de Simon ere, eta nabarmendu du gobernu programa bat adosteko unea dela orain.

PP, Madrilera begira

Ez dira denak gustura geratu mahaiaren osaketarekin. Esparzaren bidetik, Ana Beltranek, Nafarroako PPko buruak, "traiziotzat" jo du PSNren jarrera, eta nazionalista eta independentistei "lehen ordainketa" egi izana egotzi dio Pedro Sanchez Espainiako jarduneko presidenteari: "Nafarrek argi eta garbi esan dute ez dutela beste gobernu nazionalista bat nahi, baina PSN makurtu egin da EAJren aurrean, Sanchezen inbestidura ahalbidetzeko". Horrez gain, Parlamentua osatu aurreko hitzaldian Ainhoa Aznarez euskaraz bakarrik egin izana ere kritikatu du Beltranek, esanez "nafarren %7k soilik hitz egiten duten hizkuntza" dela.

Sanchezen inbestidurari buruz aritzeko baliatu du egoera Pablo Casado PPko presidenteak ere. Haren hitzetan, gaurko bozketek erakusten dute PSOE "edozertan atzera egiteko prest" dagoela Espainiako Gobernuan jarraitzeko: "Nafarroako Parlamentuko mahaia independentismoari emandako lehen ordaina da, sozialistek foru erkidegoari egindako traizioa burutu duen jokaldi traketsa. Sanchez Espainiako zatika saltzen ari da, presidente izateko botoak lortzeko".

Ciudadanoseko Ines Arrimadas ere ez da atzen geratu. PSNk eta Geroa Baik egindako akordioa "Lotsagarria" dela esan du, eta sozialistei leporatu die "xantaiari men egin eta erakundeak beti nazionalistei eta Bilduren lagunei" ematea.

 

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.