Atxiloketak

Bost pertsona atxilotu dituzte Iruñerrian, Korrikan presoen argazkiak ateratzea egotzita

"Terrorismoa goratzea" leporatzen diete. Aske utzi dituzte deklaratutakoan. Beste lau lagun ere ikerketapean dituzte.

Espainiako Poliziaren ibilgailu bat, artxiboko argazki batean. VILLAR LOPEZ, EFE
2019ko ekainaren 20a
17:38
Entzun

Korrika Iruñerritik igaro zenean presoen argazkiekin ateratzea leporatuta, bost pertsona atxilotu ditu Espainiako Poliziak Iruñerrian. Zehazki, "terrorismoa goratzea" egozten diete. Atxilotuak aske utzi dituzte deklarazioa jaso ostean. Ahotsa.info-k jakinarazi duenez, beste lau lagun ere ikertzen ari dira.

Atxiloketak salatu ditu Sortuk sare sozialetan eta guztiak aske uzteko eskatu du. Arkaitz Rodriguezek ohartarazi du ez dela delitu "Espainiar estatuaren espetxe politika kriminala salatzea eta euskal preso politikoei preso politiko esatea".

 

AEM Amnistiaren aldeko eta Errepresioaren aurkako Mugimenduaren hitzetan, "errepresaliatuen despolitizazioa hil ala bizikoa dute gure etsaiek, horrela borroka bera delako, matxinatzeko dugun eskubidea hain zuzen ere, zilegitasuna galtzen duena". Hor kokatu ditu AEMk gaurko atxiloketak, eta "gatazkaren izaera politikoa defendatzeko deia" egin du.

Maiatzean ere izan zen antzeko operazio bat. Kasu hartan, Guardia Zibilak hiru lagun atxilotu zituen Nafarroan, 21. Korrikan euskal presoen argazkiak eramateagatik "terrorismoa goratzea" egotzita.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.