Euskal presoak

Preso baten lagunek salatu dute, aitaren hiletara eraman ez, eta autoan sartuta eduki zutela ertzainek

Aitor Esnaola Legorretako euskal presoaren lagunek egin dute salaketa: "Eusko Jaurlaritzak eta bere Ertzaintzak ez zituzten Aitorren eskubideak bermatzeko behar ziren neurriak behar bezala hartu, eta, ondorioz, Aitor bost minutuz bakarrik egon zen bere senitartekoekin".

Martxoaren amaieran Aitor Esnaola aita ikustera ekarri zutenekoa. BERRIA
2019ko ekainaren 21a
15:25
Entzun

Joan den astelehenean, aitaren hiletara joateko baimena zuen Aitor Esnaola euskal presoak. Espainiako Auzitegi Nazionalak onartu egin zion eskaria, eta, beraz, Zaballako kartzelara ekarri zuten Legorretako (Gipuzkoa) presoa, baimen hori betetzeko. Eusko Jaurlaritzaren eta Ertzaintzaren esku geratu zen, beraz. Esnaolaren lagunek gutun batean salatu dutenez, ordea, "aitaren hileta elizkizunetara ekarri ez eta auto barnean gatibu bost orduz izan zuten loturik herriko bazter batean. Eusko Jaurlaritzak eta bere Ertzaintzak ez zituzten Aitorren eskubideak bermatzeko behar ziren neurriak behar bezala hartu eta, ondorioz, Aitor bost minutuz bakarrik egon zen bere senitartekoekin".

Esnaolaren lagunek gogora ekarri dute, "Madrilek inposatzen duen sakabanaketak sortzen duen egoera diskriminatzailearen aurrean, eta preso baten senitarteko baten heriotzaren aurrean", Eusko Jaurlaritzari eta Ertzaintzari dagokiela "edozein diskriminazio egoera ahalik eta gehiena murriztea". Erakunde horiek, ordea, "errespetu eskasa" erakutsi dute gutuna zabaldu duten lagunen esanetan: "[Eusko Jaurlaritzak] Politika diskriminatzaile horren ondoriorik lazgarrienak agerian utzi ditu beste behin ere".

Esnaola 2011ko apirilean atxilotu zuten, Legorretan, Igor anaiarekin batera —Lander Etxeberria ere atxilotu zuten operazio hartan—; torturak salatu zituzten atxilotuek. Gaur egun, Ocañako espetxean (Toledo, Espainia) ari da Esnaola zigorra betetzen. Martxoaren amaieran, aita gaixo zuen dagoeneko, eta hura ikustera ekarri zuten Legorretara. Baserritik beherako bidean, artalde bat jarri zitzaien aurrean ertzainei, eta, sirena piztu arren, haien atzetik egin behar izan zuten herrigunerako bidea.

Astelehenean, aitaren hiletara joateko baimena zuen arren, Ertzaintzak ez zion utzi, eta bost minutuz bakarrik egon ahal izan zen senideekin. Aitorri bi aldiz eraso diote sakabanaketarekin", salatu dute haren lagunek: "Lehenengoan, Madrilek inposatzen duen sakabanaketarekin; bigarrengoan, EAJk eta Eusko Jaurlaritzak sakabanaketa amaitzeko ezer gutxi eginez. Gure maitasunik sentikorrena Aitorrentzat zein bere senide guztientzat".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.