ZUZENDARIARI

Aitor: bi aldiz eraso diote sakabanaketarekin

Mikel Egibar Mitxelena
2019ko ekainaren 20a
00:00
Entzun
Duela egun batzuk Aitor Esnaola presoaren aita zendu zen. Edozein presok duen eskubidea baliatuz, Aitorrek bere aitaren azken agurrean familiarekin egoteko baimena eskatu zuen, eta Auzitegi Nazionaleko Castro epaileak hiletan egoteko aukera onartu zion. Sakabanaketaren gainetik, baimen berezi horren xede nagusia hauxe da: edozein pertsonak, espetxean egon arren, senide baten heriotzak sorrarazten duen tristura eta samina senideen hurbiltasunaren bitartez partekatzea eta, ahal den neurrian, elkarrekin egonez elkarri laguntzea.

Esan bezala, Auzitegi Nazionaleko epaile zentralak baimena eman ondoren, irteera horrek eskatzen duen prozedurari eta dispositiboari aurre egiteko, ohi den bezala, presoa zigorra betetzen ari den espetxetik Zaballako espetxera ekarri ondoren, Epaile Zentralak ebatzitako autoa bere osotasunean betetzea Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailburuaren ardura da, alegia, Madrilek inposatzen duen sakabanaketak sortzen duen egoera diskriminatzailearen aurrean, eta preso baten senitarteko baten heriotzaren aurrean, Eusko Jaurlaritzari eta bere Ertzaintzari dagokio epaile batek ebazten duena aplikatzea eta edozein diskriminazio egoera ahalik eta gehien murriztea.

Astelehenean Aitor bere aitaren hileta elizkizunetara ekarri ez eta kotxe barnean gatibu bost orduz izan zuten loturik herriko bazter batean. Eusko Jaurlaritzak eta bere Ertzaintzak ez zituzten Aitorren eskubideak bermatzeko behar ziren neurriak behar bezala hartu eta, ondorioz, Aitor bost minutuz bakarrik egon zen bere senitartekoekin.

Madrilek euskal preso politikoei eta orokorrean euskal jendarteari inposatzen dien sakabanaketa politikoa ankerra da oso; politika diskriminatzaile horren aurrean, Aitorren kasuan bederen, Eusko Jaurlaritzak, baimena kudeatzeko erakutsi duen errespetu eskasagatik, politika diskriminatzaile horren ondorio lazgarrienak agerian utzi ditu beste behin ere, familiarekin bost minutuz bakarrik egoteko aukera ematean ez baitu bermatu Aitorrek bere familiarekin ezta familiak Aitorrekin egoteko duten eskubidea.

Gure herria normalizazio politiko baterantz abiatu nahi dugu, baina atzokoa bezalako jarrerek eta neurriek, gure ustez, traba asko jartzen dituzte bidean. Aitorri bi aldiz eraso diote sakabanaketarekin: lehenengoan, Madrilek inposatzen duen sakabanaketarekin; bigarrengoan, EAJk eta Eusko Jaurlaritzak sakabanaketarekin amaitzeko ezer gutxi egiten dutenagatik. Gure maitasunik sentikorrena Aitorrentzat zein bere senide guztientzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.