ADIERAZPEN ASKATASUNA

Jazarpenaren aurrean, babesa agertu dio BERRIAk Onintza Enbeitari

BERRIAko zutabegilearen aurka irainak egin dituzte sare sozialetan, eta pankartak jarri. BERRIAk "onartezintzat" jo du jarrera hori.

Onintza Enbeita, bertsolaria eta BERRIAko zutabegilea. LUIS JAUREGIALTZO, FOKU
Garikoitz Goikoetxea.
2019ko ekainaren 21a
22:16
Entzun

Jazarpena jasaten ari da Onintza Enbeita bertsolaria eta BERRIAko kolaboratzailea, egunkari honetan argitaratutako iritzi artikulu batzuk direla eta. Sare sozialetan haren aurkako irainak hedatu dituzte, eta pankarta batzuk agertu dira Algortan (Getxo, Bizkaia). Hain justu ere, iluntzean bertso saioa du Enbeitak Algortan, eta boikoterako deia hedatu dute. Horren aurrean, BERRIAko langile batzordeak eta BERRIA Taldeak erabateko babesa agertu diote Enbeitari, eta "onartezintzat" jo dute artikulu baten egilea hala jazartzea.

Ez da lehen aldia. Udazkenean ere pintaketa batzuk egin zituzten. BERRIAko Bira atalean eguneroko iritzi emailea da Enbeita, eta joan den urrian argitaratutako artikulu baten harira ari dira jazartzen. Ernesto Guevara Che hil zuteneko urteurrenean, hari buruzko gogoeta bat argitaratu zuen, emakumeekin izan zezakeen rola hizpide hartuta. "Ez diot haren lanari ezer kendu nahi, baina ez dakizkigun datuek kezkatu egiten naute. Hala ere, ez dakit ezkutatu digutena jakin nahi dudan ala ez".

Iritzi artikulu haren ondotik, Enbeitaren aurkako mezuak zabaldu zituzten, eta aste honetan berdin egin dute, Algortan bertso saioa duela baliatuz. Besteak beste, "inperialismoaren zerbitzaria" izatea egotzi diote, eta Posmofeministak, inperialismoaren zerbitzariak eta halako leloak zabaldu. Are, Onintza, alde hemendik dioten kartelak ipini dituzte.

BERRIAko langile batzordeak eta BERRIA Taldeak "babesa eta elkartasuna" azaldu diote Enbeitari, eta jazarpena salatu dute. "Begi onez hartzen dugu eztabaidatzea, desadostasunak plazaratzea. Baina gauza bat da iritziaren aurka jotzea argudioekin; eta oso bestelako bat, aitzakia hori baliatuta pertsonen aurka jotzea. Onartezina da". Irainen "karga sexista nabarmenaz" ere ohartarazi dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.