EUSKO ALKARTASUNA

Pello Urizarrek EAko idazkari nagusi izateari utzi dio

Alderdiak eman du haren erabakiaren berri, dimisioaren arrazoirik aipatzeke. Urizarrek bihar prentsaurrekoa emango du. Primarioak egingo dituzte arduradun berria izendatzeko. Duela hamar urte hartu zuen kargua. EH Bilduren sortzaileetakoa izan zen.

Pello Urizar, duela bi urte, Donostian, EAren azken kongresuan.
Pello Urizar, duela bi urte, Donostian, EAren azken kongresuan. Jon Urbe/Foku

Enekoitz Esnaola -

2019ko ekainak 24

Pello Urizarrek utzi egin du EAko idazkari nagusi kargua, dimisioa emanda, haren alderdiak gaur 18:45ean prentsa ohar baten bidez jakinarazi duenez. 2009ko ekainaren 21ean hartu zuen ardura, eta haren ibilbideko fruitu nagusietakoa EH Bilduren sorrera izan da.

EAren oharrak ez du dimisioaren arrazoirik aipatu. Idatziak dio kargua uztea erabaki duela eta erabaki horren berri eman diola alderdiaren Kontseilu Nagusiari gaur arratsaldeko bileran. Urizarrek bihar 11:30ean prentsaurrekoa emango du, Donostian, EAren egoitzan. Ustez, lagatzeko arrazoia pertsonala da. Alderdiaren estatutuei jarraituz, jarduneko idazkaria izendatzeko batzarra deitu du Kontseilu Nagusiak, eta primarioen prozesua martxan jarriko dute, EAren oharrak diioenez —Europa Pressek Iker Ruiz de Egino aipatu du jarduneko idazkari nagusi izateko hautagai gisa–.

EAk 2009ko martxoko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetara bakarrik aurkeztea erabaki zuen, EAJren EBBn borondaterik ez zuelako ikusten burujabetza prozesu baterako, baina boz haietan oso emaitza txarrak jaso zituen, legebiltzarkide bakarra lortu zuelako. Dimisioa eman zuen Unai Ziarreta presidenteak, eta handik hiru hilabetera hautatu zuten Urizar, adostasun handiz —kendu egin zuten presidente karguaren figura—. EAn bazen zuzendaritza nagusiarekiko ildo kritiko bat Gipuzkoan, Iñaki Galdosen gidaritzapean Alkarbide alderdia eratuta, baina hango kideek ez zuten parte hartu VIII. biltzarrean, Gasteizen. 

Ziarretaren zuzendaritzapean bilgune subiranista bat eratzeko hilabete batzuk lehenago hasitako lanei berrekin zien Urizarrek, eta 2010eko ekainaren 21ean ezker abertzale ofizialak eta EAk Lortu Arte akordioa izenpetu zuten. Urte bukaerarako Alternatiba batu zitzaien, eta hirurek Bildu koalizioa eratu zuten 2011ko udal eta foru hauteskundeetarako. Emaitza ikusgarriak lortu zituzten. Aralar elkartu zitzaien handik hilabete batzuetara, Amaiur eta EH Bildu osatzeko. Urizar 2012tik legebiltzarkide da EAEn, EH Bildutik.

Duela bi urteko kongresuan ere EAko zuzendaritza nagusiak izan zuen ildo kritiko bat —EH Bildu barruan EAren paper garrantzitsuagoa eskatzen zuten—. Urizarrek justu irabazi zuen biltzarra: hamalau botoko aldea kendu zion beste hautagai Maiorga Ramirezi. Ondoren, ordea, galdu egin zuen Arabako eta Gipuzkoako zuzendaritzen kontrola, eta Nafarroakoak kritikoen esku segitu zuen. 

1996-1998 artean EAko Gazte Abertzaleetako idazkari nagusi izan zen Urizar (Arrasate, Gipuzkoa, 1968). 2000-2009an, EAko Gipuzkoako zuzendaritzako kidea. Arrasaten bi alditan izan zen zinegotzi. Han hautetsi zen izendatu zuten EAko arduradun nagusi.

Informatikaria da, eta 1999an zerbitzuen kooperatiba bat sortu zuen, beste kide batzuekin batera.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna