Hilketa matxista

Gizon batek emaztea hil du Bardozen, eta bere buruaz beste egin du ondoren

90 urteko gizon batek 72 urteko emakumezko bat hil du, eskopetarekin. 2003tik Euskal Herrian indarkeria matxistak hil duen 100. emakumea da.

Pasa den astean Urruñan hil zuten emakumearen hilketa salatzeko bilkura, Urruñan bertan. GUILLAUME FAUVEAU
2019ko ekainaren 25a
07:11
Entzun

Euskal Irratiek jakinarazi dute berria, eta Samuel Vuelta Simon Baionako prokuradorea aipatu dute informazio iturri gisa; gaineratu dute gizonak bere buruaz beste egin duela emaztea hil ondoren.

Jean-Paul Diribarne Bardozeko (Lapurdi) alkateak azaldu duenez, goizeko hamarrak aldera heldu da erizaina bikotearen etxebizitzara. Barruan argia zegoen arren, atea itxita topatu du. "Bizilagun baten etxera joan dira, eta suhiltzaileei deitzea erabaki dute. Haiek aurkitu dituzte bi gorpuak. Itxuraz, gizonak emaztea hil du, eta gero bere buruaz beste egin du. Ez dut ulertzen".

2003tik Euskal Herrian indarkeria matxistak hil duen 100. emakumea da Bardozekoa, aurtengo bigarrena. Joan den astean, Lapurdin beste emakume bat hil zuen senarrak, Urruñan. Orduan ere hiltzaileak bere buruaz beste egin zuen.

Indarkeria matxistarekin lotutako hilketei buruzko BERRIAren mapak agerian jarri du proportzioan Lapurdin gertatu dela hilketa gehien: han hil dute bost emakumetik bat (%21) azkeneko urteotan, nahiz eta biztanleen %8 bizi diren herrialde horretan. Beste datu ezohiko bat ere bada Lapurdin: hilketa matxistak egin dituzten gizonen herenak saiatu dira beren buruaz beste egiten. Gaur ere hala gertatu da.

Iaz bederatzi hilketa matxista izan ziren Euskal Herrian: bi Gasteizen (emakume bat eta haren ama), bat Bilbon, bat Asparrenean (Araba), bat Iruñean, bat Uharten (Nafarroa), bat Erriberrin (Nafarroa), bat Donibane Garazin eta beste bat Bidarten (Lapurdi).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.