Euskal Irratiek jakinarazi dute berria, eta Samuel Vuelta Simon Baionako prokuradorea aipatu dute informazio iturri gisa; gaineratu dute gizonak bere buruaz beste egin duela emaztea hil ondoren.
Jean-Paul Diribarne Bardozeko (Lapurdi) alkateak azaldu duenez, goizeko hamarrak aldera heldu da erizaina bikotearen etxebizitzara. Barruan argia zegoen arren, atea itxita topatu du. "Bizilagun baten etxera joan dira, eta suhiltzaileei deitzea erabaki dute. Haiek aurkitu dituzte bi gorpuak. Itxuraz, gizonak emaztea hil du, eta gero bere buruaz beste egin du. Ez dut ulertzen".
2003tik Euskal Herrian indarkeria matxistak hil duen 100. emakumea da Bardozekoa, aurtengo bigarrena. Joan den astean, Lapurdin beste emakume bat hil zuen senarrak, Urruñan. Orduan ere hiltzaileak bere buruaz beste egin zuen.
Indarkeria matxistarekin lotutako hilketei buruzko BERRIAren mapak agerian jarri du proportzioan Lapurdin gertatu dela hilketa gehien: han hil dute bost emakumetik bat (%21) azkeneko urteotan, nahiz eta biztanleen %8 bizi diren herrialde horretan. Beste datu ezohiko bat ere bada Lapurdin: hilketa matxistak egin dituzten gizonen herenak saiatu dira beren buruaz beste egiten. Gaur ere hala gertatu da.
Iaz bederatzi hilketa matxista izan ziren Euskal Herrian: bi Gasteizen (emakume bat eta haren ama), bat Bilbon, bat Asparrenean (Araba), bat Iruñean, bat Uharten (Nafarroa), bat Erriberrin (Nafarroa), bat Donibane Garazin eta beste bat Bidarten (Lapurdi).