Tortura

Torturaren biktimak aitortzeko neurri zehatzak eskatu ditu Egiari Zor fundazioak

Ekainaren 26an Torturaren Biktimen Babeserako Nazioarteko Eguna antolatzea onartu zuen Eusko Legebiltzarrak joan den astean. Neurri "sinbolikoetatik" haragoko urratsak egitea beharrezkotzat jo du fundazioak.

Ainhoa Larrabe Arnaiz.
2019ko ekainaren 26a
07:43
Entzun

Begi onez ikusi du Egiari Zor fundazioak, joan den ostegunean Eusko Legebiltzarrak, NBE Nazio Batuen Erakundearekin bat egin, eta datorren urtetik aurrera ekainaren 26a Torturaren Biktimei Laguntzeko Nazioarteko Eguntzat antolatzeko erabakia. "Berri ezin hobea da, torturaren drama sufrimenduen mapan kokatzea ahalbidetuko baitu", azaldu du Karmele Urbistondok, gaur, Bilbon egin duten agerraldian. Torturaren Biktimei Laguntzeko Nazioarteko egunetik harago neurriak eskatu dituzte, baina. "Ardura instituzionalak neurri sinbolikoak baino zerbait gehiago eskatzen du: biktimen aitortza bermatzea. Sarritan salatu dugu larriak direla oraindik ere torturari buruzko ezagutza falta, biktimen aitortza eza eta zigorgabetasuna".

Bide horretan neurri zehatzak hartzeko eskatu dute Egiari Zor fundaziokoek. Lau aipatu dituzte, guztira. Lehena: torturaren biktimak modu ofizialean aitortu ditzaten. Bigarrena: memoriari dagozkion politika publikoetan ere torturak tokia hartu dezan eskatu dute, "argi eta garbi azalduz tortura giza eskubideen kontrako biolentzia dela, legez kontrakoa, debekatua eta euskal gatazkaren testuinguruan Guardia Zibilak, Espainiako Poliziak eta Ertzaintzak erabili dutena, bai diktadura garaian, eta baita ‘trantsizio’ delakoan eta garai demokratikoan". Hirugarrena: euskal erakundeek torturaren "dimentsio erreala" ikertzen jarrai dezaten eskatu dute. "Zentzu horretan, uste dugu premiazkoa dela ikertzea atxilotuta zeuden bitartean hildako 14 pertsonen kasuak". Eta azkenik aipatu du, alderdi politikoak dagozkien ardurak bere gain hartu beharko lituzketela.

Urbistondok gogorarazi du Eusko Jaurlaritzak eskatuta Francisco Etxeberria auzi medikuak Araba, Bizkai eta Gipuzkoako tortura salaketen txostena ondu zuela, eta 1960 eta 2014 urteen artean 4.113 tortura kasu identifikatu zirela. Tortura horietan hainbat poliziak parte hartu dutela zehaztu zuten txostenean, baita Ertzaintzak ere. Zehazki Espainiako Polizia da EHUk jaso zituen tortura kasuen artean salaketa gehien dituen polizia, 1.792 guztira, eta antzeko kopurua du Guardia Zibilak ere: 1.785. Ertzaintzaren kasuan 336 tortura kasu jaso zituzten txostenean.

Ardura hartzeko "gonbita"

Polizia, baina, ez da arduradun "bakarra" Urbistondoren hitzetan. "Gu ez gintuzten torturatu legea berariaz urratzea erabaki zuten guardia zibilek, polizia espainiarrek eta ertzainek. Torturatu gintuztenek estatu estrategia baten arabera jardun zuten". Ardurak dituzten lau eragile zerrendatu ditu Urbistondok, segidan. Lehena: "salbuespenezko legediak" onartu zituzten alderdi politikoak eta atxilotutako pertsonen inkomunikazioa baimendu zutenak. Bigarrena: tortura salaketa "sistematikoen" aurreak "ikerketa eraginkorrik" agindu ez zuten epaileak. Hirugarrena: auzi medikuak. Eta laugarrena eta azkena: hedabideak, "tortura salaketak isilaraziz".

Etxeberriak ondutako txostenak ordezkari politikoak “interpelatzen” dituela azaldu du Egiari Zor fundazioko kideak, baina, aipatu duenez, inork ez du ardurarik bere gain hartzen. "Errealitatea ukatu edo tortura Euskal Herritik kanpo geratu den zerbait bezala lantzen dela ikusteak asko kezkatzen gaitu". PP eta PSOEri dei zuzena egin diete: "Agintean egon zirenean gertatutako giza eskubideen urraketa larriei buruzko azalpenak zor dituzte". Deia EAJri ere: "Ertzaintzak torturatutako 336 kasu ere badaude".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.