Nafarroa

EH Bildu: "PSNri ausardia izatea eskatzen diogu"

Inbestiduraren aukerak aztertzeko, Unai Hualde Ezkerrarekin, Ahal Dugu-rekin eta EH Bildurekin elkartu da. Marisa de Simon prest agertu da Maria Txibite babesteko "gutxieneko akordiora" iritsiz gero, eta Mikel Builek edukietan sakondu behar dela azpimarratu du

EH Bilduko Maiorga Ramirez eta Laura Aznal, gaur Unai Hualde Parlamentuko lehendakariarekin. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
joxerra senar
2019ko ekainaren 26a
07:43
Entzun

Ordezkaritza txikienetik handienera, lehen hiru bilerak egin ditu gaur goizean Unai Hualde Parlamentuko lehendakariak. Ezkerraren kasuan, Marisa de Simon, Txema Mauleon eta Carlos Guzman izan dira bileran; Ahal Dugu-ren kasuan, Mikel Buil; EH Bilduren kasuan, Maiorga Ramirez eta Laura Aznal. Bihar beste hiru bilera egingo ditu Geroa Bai (10:00), PSN (10:30) eta Navarra Sumarekin (11:00).

Uneotan, aukera gehien Maria Txibite sozialistak luke, akordio programatiko bat adosteko bilerak hasiak dituztelako PSNk, Geroa Baik, Ahal Dugu-k eta Ezkerrak. Hurrengo bilera bihar 17:00etan izango da.

EH Bilduren abstentzioa behar luke Txibitek, eta gehiengorik osatzeko botorik oraindik ez duenez, gaur Maiorga Ramirez EH Bilduko parlamentariak nabarmendu du  "oraingoz" ez direla baldintzarik ematen Txibiteren inbestidurarako. "Nahitaezkoa da horretarako eragile politikoek hitz egitea, edukiez hitz egitea, adostea, Nafarroarentzat proiektu bat eraikitzea, eta aritmetikoki ere nahitaezkoa da gehiengo bat izatea".

Bere hitzetan, gizartean oraindik ere zalantza handiak daude gobernuaren osaerari buruz, eta horren "ardura nagusia PSNk du". Gogorarazi du  "historikoki beti egin duen bezala" jardun zuela PSNk udaletan eta agintea eskuinaren eskuetan utzi zuela. "Badakigu Madrildik zer presio dituzten, baina PSNri eskatu ahal zaio zintzotasuna, eta kaleetan normala dena erakundeetara eramatea".

Sozialistek behin eta berriz EH Bildurekin hitzarmenik egingo ez dutela adierazi dutenez, galdetu zaio ea EH Bildu abstenituko den. Ramirezen arabera, "agerikoa da inbestidurarako ez dagoela baldintzarik". Edozein kasutan, erantzun du erabakirik ez dela hartu eta botoaren zentzua EH Bilduko "gizon-emakumeen" eskuetan dagoela.

Buil: Akordioaren garrantzia

Mikel Buil Ahal Dugu-ko eledunak aipatu du euren helburuetako bat dela eskuinak ez dezala Nafarroan gobernatu. Astelehenean PSNk helarazitako lehen zirriborroa aztertzen ari dira alderdi barruan. "Motza da, gainerako alderdien ekarpenak biltzea falta zaio". Gogora ekarri du, duela lau urte ere, oinarrizko lehen testu bat mahai gaineratu zuela Geroa Baik eta gerora akordio programatikoan 400 neurri inguru bildu zirela.

Dena den, Builek nabarmendu du edukian sakondu egin behar dela, eta alderdien artean adostasunak zein ezberdintasunak neurtzeko moduak hitzartu. Bihar 17:00etan egingo den bilerari begira, proposamenak egingo dituztela aurreratu du. Desadostasunei dagokionez, AHTren inguruan PSNk egindako proposamenarekin ez daudela ados azaldu du.

Builen ustez, "PSNri dagokio ikustea nola ateratzen duen aurrera inbestidura, horretarako EH Bildu beharrezkoa baita". Bere esanetan, euren ardura mugatzen da zehaztera zein diren lehentasunak: "Horren arabera, inbestidura babestuko dugu edo ez". Inbestidura horri begira, EH Bilduren eskuzabaltasunaz galdetu zaio: "Ez dut uste eskuzabaltasun kontua denik. Aztertu beharko dute erantzukizuna eta beste makina bat kontu. Auzia ez konfiantza izatea edo eskuzabal jokatzea. Egoera zail batean daude bazterketaren ondorioz, eta uneren batean aztertu beharko dute hauteskundeen aurrerapena erraztu nahi duten edo ez".

De Simon, baikor

Marisa de Simonek Hualderi helarazi dio Txibiteren alde egingo duela, "gutxieneko akordiora" iritsiz gero. "Akordiora heltzen bagara, gure botoa aldekoa litzateke, PSNri baitagokio inbestidurara aurkeztea bigarren indar bozkatuena izan delako".

Gaur bertan aztertuko dute koalizioaren baitan PSNk egindako proposamena. "Akordio programatikoaren inguruan elementu garrantzitsuak jaso ditu:gizarteratzeko elementua, etxebizitza politika...". Bihar egingo dituzte ekarpenak, eta zein desadostasun dituzten ere azalduko dute. Hala ere, De Simonek ez du uste zailtasunik egongo dela akordiorako.

"Ez dut inoren eskuzabaltasunean sinesten. Ez da eskuzabaltasun kontua, erabaki politikoak hartzea da gakoa", erantzun du De Simonek, EH Bilduren abstentzioaz galdetuta. Zehaztu duenez, politiken inguruko erabakiek baldintzatuko dute alderdi bakoitzaren posizioa. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.