Hauteskundeen ondorena

Txibite "oso baikor" azaldu da, baina "pausoz pauso" joan nahi du

Inbestiduraren aukerak aztertzeko bigarren egunean, Unai Hualde Geroa Bairekin, PSNrekin eta Navarra Sumarekin bildu da. Barkosek ez du oraingoz "hautagai sendorik" ikusten, eta Esparzak nazionalistekin gobernatu nahi izatea aurpegiratu dio Txibiteri.

Ramón Alzorriz PSNko Antolaketa idazkaria, Maria Txibite PSNko presidentegaia eta Unai Hualde Nafarroako Parlamentuko presidentea, gaur egin duten bileran. JAGOBA MANTEROLA, FOKU
joxerra senar
2019ko ekainaren 27a
18:14
Entzun

Uxue Barkos Nafarroako jarduneko presidente eta Geroa Baiko burua Unai Hualde Nafarroako Parlamentuko presidentearekin bildu da, gaur goizean. Barkos hartu ondoren, jarraian, PSNko Maria Txibite eta Ramon Alzorriz hartu ditu Hualdek, eta 11:00etan, berriz, Navarra Sumako Javier Esparza, Carlos Perez Nievas eta Jose Suarez. Atzo, Ezkerra, Ahal Dugu eta EH Bildurekin elkartu zen.

Barkosek bileraren ostean adierazi duenez, ez du oraindik inbestidura saio baterako deirik espero, ez baitu "hautagai sendorik" ikusten. Gobernu akordio bat lortzeko lanean jarraitzearen aldekoa da, "etorkizuneko gobernuari ahalik eta egonkortasun handiena emango dion akordioa" lortzeko.

Akordio horri begira, "zehastasuna" eskatu du Barkosek. “Gobernu aurrerakoi eta anitza proposatu diogu, eta ikusita ez dugula gehiengo oso bat parlamentuan momentu honetan, horrek beharrezko egiten du zehaztasuna”, argudiatu du. “Alderdi sozialistari dagokio bideratzea gehiengo hori”. Barkosen esanetan, PSNren, Geroa Bairen, Ahal Dugu-ren eta Ezkerraren arteko nagoziazioak hasi beterik ez dira egin, eta "modu onean ari dira garatzen". Presidentearen iritziz, "musika konbentzitzeko modukoa da, baina letra askoz ere gehiago afinatu beharra dago".

Hain zuzen ere, gaur 16:30ean, dute bigarren bilera, astelehenean PSNk helarazitako zirriborroaz eztabaidatu eta ekarpenak biltzeko.

Maria Txibite PSNko presidentegaia babesteko prest agertu da, baldin eta PSNk, Geroa Baik, Ahal Dugu-k eta Ezkerrak gobernu akordio bat lortuko balute. Hala ere, gobernuaren egonkortasun beharraz ohartarazi du. "Egonkortasuna lortzeko helburuan oso zehatzak izan behar dugu arlo askotan, programaren puntu askotan, eta argi utzi akordio horiek". Horregatik, "orduan eta segurtasun handiagoa bermatu, orduan eta egonkortasun eta lanerako gaitasun handiagoa" izango duela nabarmendu du.

PSNk EH Bildu negoziazioetatik baztertzeko erabakiari buruz, Barkosek adierazi du alderdi sozialistari dagokion erabakia dela. "PSNk zehaztu behar du bere jokabidea eta gehiengoa bilatzeko bere lan egiteko modua". EH Bilduren abstentzioa ziurtatu gabe legokeen inbestidura saio batean Geroa Baik Txibite babesteko prest legokeen galdetuta, Barkosek erantzun du gobernu ituna lantzeko garaia dela orain, eta ondoren ikusi beharko dela nola antolatzen duen PSNk inbestidura saioa. Barkosek ohartarazi du 23 parlamentarik babestuko luketen balizko gobernuak ez duela gehiengo osorik, eta gehiengoak osatzeko ardura "PSNrena" dela. “Alderdi sozialistari dagokio bideratzea gehiengo hori”.

Kezkatuta agertu da azken lau urteotan Espainian izan den ezegonkortausn politikoak bere eragina duelako Nafarroan. Beren ustez, uneotan, Nafarroaren “irudi desitxuratua” ematen ari dira “interes eta asmo politiko zehatzengatik”. Ez kontu publikoen egoerak ez errealitateak berak ez dio erantzuten irudi txar horri, eta “haserretuta” agertu da horregatik. Barkosen ikuspegitik, eskuina bilatzen ari da Nafarroa “truke txanpon” izatea. Berretsi du Nafarroarentzat "egonkortasuna" bermatzea dela garrantzitsuena, eta bide horretan "kide txarra" izan ohi dela "negoziazioen atzerapena". "Uste dut Txibite okertu egingo litzatekeela Kongresuko atzerapenek politika nafarrari eragingo baliote", adierazi du.

Txibite, aurrera egiteko prest

Kezka bera agertu du Txibitek. PSNko idazkari nagusiaren hitzetan, eskuina “Nafarroa konfrontazio politikorako erabiltzen ari da”. Egunotan, Nafarroaren inguruan Espainiako hainbat komunikabidek gezurrak eta erdi egiak zabaltzen ari direla kritikatu du, eta zehaztu du, horren aurrean, Ferrazekin “koordinazio bikaina” duela. Txibitek azaldu du aldez aurretik esandakoa “betetzen” ari direla, eta bidean aurrera jotzeko borondate irmoa dutela. Bere ustez, Espainiako Gobernuarekin gertatzen denak ez du zertan Nafarroan eragin.

Gaurko bilerari begira, baikor azaldu da. “Landutako 40 orrialdeko dokumentua aurkeztu dugu, eta gainerakoen aldetik akordiora iristeko borondatea ikusi dugu”. Txibiteren ustez, Geroa Baik, Ezkerrak eta Ahal Dugu-k “izpiritu eraikitzailea” dute. Bere azalpenen arabera, aurreko legealdian, gobernuak bultzatutako egitasmoa %70ean babestu zutensozialistek, eta orain bilatzen ari diren akordioak “izaera soziala” izango du, eta argi izango du garapen ekonomikoan nondik nora jo.

Adostasunez gain, garrantzitsutzat jo du desadostasunak nola kudeatu hitzartzea: "Puntu batzuetan ez gara ados egongo, eta koordinatu beharko dira desadostasunak, parlamentu jardueran bakoitzak bere protagonismoa izan dezan". Adibide gisa jarri du,  Ezkerra eta Ahal Dugu abiadura handiko trenaren aurka daudela, baina ganberan 40 parlamentari proiektuaren alde daudela.

Ez du aurreratu nahi izan zenbat iraun dezakeen negoziazio prozesuak, eta, Barkosen moduan, gehiegi atzeratzea ez dela ona deritzo: "Atzerapenak bidaide txarrak dira, ez badaude justifikatuta". Txibiteren arabera, "ahalik eta azkarren" ados jarri beharko lirateke, baina, era berean, "gauzak ongi egin behar dira". "Ez gara edozein modutan ados jarri behar", gaineratu du.

Nahiz eta balizko inbestidura baterako gutxienez EH Bilduren balizko inbestidura beharko lukeen, Txibitek berretsi du ez dutela EH Bildurekin hitz egiteko asmorik.

Esparza, kezkati

Navarra Sumako hautagaiaren arabera, "koherenteena" litzateke PSNk eurekin negoziatzea, baina Maria Txibitek beste bide bat hartu du. Esparzak nabarmendu du laukoak bere osotasunean baino boto gehiago biltzea lortu zutela iragan hauteskundeetan, eta laukoa "garaitu" zutela. Horregatik, ez du ulertzen PSNren jokabidea. "Herritarrek laukoaren politikei ezezkoa eman zieten, eta orain ematen du sozialistek laukoarekin batera gobernatu nahi dutela Uxue Barkosen eta Adolfo Araizen politikak egiteko. PSNk porrot egin duen gobernu baten lidergoa izan nahi du".

Barkosek zabaldutako ideiaren ildotik, "egonkortasuna" eskatu du. Aurreko legealdian erakutsi legez, egitasmoen %80an ados daude PSNrekin eta aski litzateke gainerako %20 hori negoziatzea. Gogora ekarri duenez, bat egiten dute AHTren auzian, Nafaroako Ubidearen bigarren fasea eraikitzean, hizkuntz politikan, udal maparen legearen aurkako kritikan, enplegu planen beharraz...

Hori esanda, harrituta azaldu da Txibitek "bosteko" bat osatu nahi duelako, ez baitu zalantzarik agertu, "fokuak itzaltzen direnean EH Bildurekin hitzartu egingo duela", eta gobernua "nazionalisten menpe" geratuko dela. "Eserleku kontua da, bestela ez baitu zentzurik". Horregatik, bere ustez, Txibite Nafarroako Gobernuko lehendakari izan baideke ere, ez da "nafarren lehendakari izango".

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.