Euskara

Andoaingo EAJk dio PSEren aldebakarreko erabakia izan dela udalbatzarrak gazteleraz egitea

EAJk adierazi du udal gobernuan koaliziokide duen PSE-EEk erabakia zuzentzea espero duela.

Andoaingo udalbatza osatzeko saioa, joan den ekainaren 15ean. GOTZON ARANBURU, FOKU
2019ko uztailaren 2a
14:07
Entzun

Maider Lainez alkate sozialistak agintaldiko lehen udal bilkuran jakinarazi zuen erabakia: batzordeetan eta egunerokoan euskaraz egiten duen arren, osoko bilkuretan gaztelera hutsean egingo duela, "herritar guztien alkate" delako eta hitzaldiak "hobeto uler" daitezen. Andoaingo EAJk ohar bidez adierazi du ez zaiola ongi iruditzen alkatearen jokabidea. "Norberak askatasunez adierazteko duen ahalmen osoa bermatu nahi dugu, baina, horretarako, ez da bidezkoa euskara baztertzea".

PSE-EE udal gobernuan koaliziokide duen arren, EAJk salatu du neurria ez duela erabaki Angoaingo udal gobernua osatzen duen taldeak, eta ez duela jaso ENBAren (Euskararen Normalizaziorako Batzordea) eta Euskara sailaren hobespena. "Alderdi sozialistak aldebakartasunez hartutako erabakia" izan dela nabarmendu du.

EAJk gaineratu du "orain arte bezala euskararen eta haren sustapenaren aldeko politikak" bultzatzen jarraituko duela. "Kasu honetan, gainera, EANBA-Euskara lansailaren gidaritzatik". Alderdi jeltzaleak azaldu du "tinko" aritu dela lanean Andoainen, euskara bizirik mantentzeko eta sustatzeko, eta horren adibide aipatu du 2018-2022rako Euskararen Normalizaziorako Plana, aurreko legealdian udalbatzak aho batez onartu zuena.

Oharrean dioenez, EAJk espero du PSE-EEk atzera egitea, eta udalbatzarrak gaztelera hutsean egiteko erabakia bertan behera uztea.

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.