EUSKAL PRESOAK

Haranbururen aurkako helegitea "justizia politikoa" dela salatu dute hautetsiek

Xistor Haranburu askatzearen alde egin du Parisko Zigorrak Aplikatzeko Auzitegiak. Fiskaltzak berehala helegitea ezarri dio erabakiari, eta, momentuz, preso segituko du. Euskal Elkargoan agerraldia egin du arratsaldean Ipar Euskal Herriko hautetsien ordezkaritza batek.

Frederic Haranburu 'Xistor' askatzearen aldeko elkarretaratzea, Senperen, 2015ean.
Frederic Haranburu 'Xistor' askatzearen aldeko elkarretaratzea, Senperen, 2015ean. / Bob Edme

Ekhi Erremundegi Beloki -

2019ko uztailak 5

Parisko Zigorrak Aplikatzeko Auzitegiak Frederic Haranburu Xistor euskal presoa askatzearen alde egin du, baina ministerio publikoak, fikskaltzaren bidez, helegitea ezarri dio berehala erabakiari, Bake Bideak jakinarazi duenez, eta Haranburuk kartzelan segituko du, oraingoz. Maiatzaren 7an aztertu zuten eskaera: prokuradoreak baldintzapeko askapena ez onartzea galdegin zuen; aldiz, defentsak bezala, Lannemezan (Okzitania) kartzelako zuzendariak aldeko iritzia azaldu zuen —han dago preso Haranburu—. Zigorrak Aplikatzeko Auzitegiak aske uztearen alde egin eta Fiskaltzak helegitea ezarri ondoren, Dei Auzitegiak bi hilabeteko epean egin beharko du prokuradorearen helegitea aztertzeko audientzia Maritxu Paulus Basurko abokatuak azaldu duenez. Epeak errespetatuko ez balituzte, Haranburu aske utzi beharko dute

Ipar Euskal Herriko hautetsi eta bestelako ordezkari talde bat Euskal Elkargoan bildu da arratsalde hasieratik, euskal presoari buruzko erabakiaren berri elkarrekin hartzeko, eta prentsa agerraldi bat deitu dute ondorengorako. Hautetsiek aho batez eman nahi dute euren iritzia. Bertan izan dira Jean Rene Etxegarai Euskal Elkargoko lehendakari eta Baionako auzapeza, Max Brisson senataria, Michel Veunac Miarritzeko (Lapurdi) auzapeza, Lucien Betbeder Ipar Euskal Herriko Auzapezen Biltzarreko presidentea, Alice Leizagezahar Akitaniako kontseilaria, Emilie Dutoya Akitania Berria eskualdeko kontseilaria, Maritxu Paulus Basurko abokatua, Mixel Berhokoirigoin bakegilea, eta Anaiz Funosas Bake Bideko presidentea. Kotte Ezenarro Hendaiako (Lapurdi) auzapezak eta Vincent Bru diputatuak bide konferentzia bidez hartu dute hitza, eta Michel Tubiana Giza Eskubideen Ligako ohorezko presidentea, Frederique Espagnac senataria eta Alain Iriart Hiriburuko (Lapurdi) auzapeza ezin izan dira agertu.

Mixel Berhokoirigoinek irakurri du ordezkaritza guziaren izenean, denek adostutako mezua. Zigorren Aplikaziorako Auzitegiaren erabakia goretsi dute, oroitarazi dute Haranburuk 30 urte daramatzala presondegian eta 2008tik egin dezakeela baldintzapean aske gelditzeko eskaera. "Zuzenbide estatu baten printzipioak segitzen dituen erabaki bat da. Maleruski ez da gauzatuko, fiskaltza antiterroristak helegitea eman duelako. Irmo gaitzesten dugu fiskaltzaren jarrera; azken urteetan Euskal Herrian abiatua den bake prozesuaren kontra doa ministerio publikoa". Helegitea aurkezteko fiskaltzak erabili dituen argumentuak oraindik ezagunak ez badira ere, prokuradoeak auzi saioan izan zituen hitza gogorarazi dituzte: ETAk berriz borroka armatua hartzeko arriskua dagoela argudiatu zuen orduan, eta hori, "lurralde honetako inteligentzia kolektiboari irain egitea" dela salatu dute. "Blokeo egoera batean gaude, ez dago aldaketarik", deitoratu dute. Halaber, egoera hau Emmanuel Macron Frantziako presidenteak maiatzaren 18an Miarritzen izan zituen hitzekin kontraesanean dela adierazi dute. Eredutzat jo zuen Euskal Herria gatazkaren konponbidea eta armagabetzeari begira, eta estatuaren "betebeharra" mugimendu hori "laguntzea" dela adierazi. "Estatuari eskatzen diogu bere hitzak eta ekintzak pareka ditzala", adierazi dute hautetsiek.

Adierazpenaren ondotik, hautetsi bakoitzak hartu du hitza bere iritzia agertzeko. Vincent Bruk bideokonferentziaz hitz egin du: "Deitoratzen dugu fiskaltzak jarreraz ez aldatzea, Euskal Herrian egoera aldatu delarik". Etxegaraik ere hori bera nabarmendu du: "Gure lurraldea bakean da, bakean da justiziarekin, baina ez da bakean fiskaltzarekin.Helegitea jartzea erabaki dute, Haranburu berehala askatuko zutela kezka zutelako". Bruk gaineratu du Haranburuk baduela lan eskaintza bat Senperen eta ez dela arrazoinik askatua izan ez dadin. Espetxean ere bere jarrera eredugarria dela esan du eta ezin dela kontsideratu ordena publikoarentzat traba bat denik: "Estatu buruari dei egiten diot". Macronek esan dute fiskaltzaren jarrera ez datorrela bat berak esandakoarekin: "Euskal Herria eredugarritzat jo zuen gatazkaren konponbidea eta armagabetzeari begira, eta estatuak lagundu behar zuela erran. Estatuak ekintzak hitzen arabera ezarri ditzan nahi dugu".

Pozik agertu da Jean Rene Etxegarai ere auzitegiaren erabakiarekin, baina fiskaltzaren jarrera salatu du. "Gure lurraldea bakean da, bakean da justiziarekin, baina ez da bakean fiskaltzarekin. Helegitea jartzea erabaki dute, Haranburu berehala askatuko zutela kezka zutelako". Ministerio publikoa errealitatetik kanpo dagoela adierazi du, ETAk edozein momentutan borroka berriz hartu dezakeela erratea absurdua dela ebatzita. "Galdera egiten dugu zergatik fiskaltza antiterroristak lurralde honetan gertatzen dena ez duen kontuan hartzen. Iduri du justizia politiko bat dagoela. Helegite hau justizia politikoa da". Euskal Elkargoko lehendakariaren hitzetan, hautetsien esku da estatuaren erantzukizuna eskatzea. "Fiskal buruari galdetu behar diogu Euskal Herriko errealitateaz informatu dadila. Bakea ez da behin betikoa. Bakearen bidean gaude, baina oraindik bide luzea dugu".

Sorturen txaloa eta salaketa

Sortuk prentsa ohar batean "benetako poza" agertu du epailearen erabakiagatik, eta uste du baduela eragina horretan Ipar Euskal Herriko lanak. "Garai berri honetan Euskal Herrian eta bereziki Lapurdi, Behe Nafarroa eta Zuberoan norbanako zein erakundeek egindako lana eta elkarrekin jositako konplizitateak fruituak ematen hasiak dira gatazkaren ondorioei konponbide bat aurkitzeko". Sortuk deitoratu egin du fiskaltzak helegitea aurkeztu izana: "Tamalez, Frantziako Estatuan garai zaharretara kateaturik eroso sentitzen dira batzuk, eta salatzekoa da fiskalak erakutsitako jarrera, epailearen erabakiari helegitea jarriko diola iragarri baitu. Bakeak eta bizikidetzak bestelako jarrera eraikitzaileak behar dituzte".

30. urtea du kartzelan

Unai Parotek, Ion Parot eta Jakes Esnal euskal presoen moduan —aurrena Espainiako Estatuan da preso, beste biak Frantziakoan—, 30. urtea hasi du kartzelan Haranburuk. 1990eko apirilean atxilotu zuten, eta geroztik preso dute. Bizi osorako zigorra izan arren, 2008tik aukera dauka baldintzapean libre ateratzeko eskaera egiteko, baina, 2013az geroztik, orain arteko guztiak ukatu egin dizkiote.

2015ean, esaterako, Diziplina Anitzeko Komisioak argudiatu zuen Haranburuk bere engaiamendu politikoarekin jarraitzen zuela. Hura askatzea galdegiteko, mobilizazio ugari egin dituzte azken urteetan; besteak beste, joan den apirilean.