Negoziazioak Nafarroan

Txibitek ez dio atea ixten Navarra Sumaren abstentzioa negoziatzeari

Geroa Baik kargu hartu dio PSNri ostiralean sinatutako akordioa Navarra Sumarekin negoziatzeko "ate faltsua" izatea egotzita. Esparza prest agertu da Txibiterekin biltzeko, eta Geroa Bairen jarrera gaitzetsi du

Maider Galardi F. Agirre.
2019ko uztailaren 8a
08:49
Entzun

RNE irratian egindako elkarrizketa batean, Maria Txibite PSNko idazkari nagusiak eta Nafarroako Gobernuko presidentegaiak esan du PSOEko zuzendaritza nagusiak jakitun dela PSN Geroa Bai, Ezkerra eta Ahal Dugu-rekin egiten ari diren negoziazioez. Joan den ostiralean sinatu zuten akordioa lau alderdiek, eta hilaren 14tik aurrera segituko dute gobernua osatzeko negoziazioetan. Edonola ere, Txibite ohartarazi du PSOEko zuzendaritzak badakiela zer ari diren lantzen, eta ez dela "azken uneko sorpresarik" izango.

Izan ere, Navarra Sumako indar politikoek Txibiteri egotzi diote "Nafarroa saltzea" eta EH Bildurekin negoziatzea. Bata eta bestea ukatu ditu PSNko idazkari nagusiak: "Akordioan argi azaltzen da ez dugula Nafarroa saltzen, eta beldurra uxatu behar dugu". Gainera, EH Bildurekin ez duela negoziatuko "argi" duela nabarmendu du.  Ordea, 23ko akordioak ez du gehiengo osorik —26 beharko lituzkete—, eta, hortaz, EH Bilduren abstentzioa beharrezkoa litzateke gobernua osatzeko. Txibitek esan du "aukera" dagoela indar subiranistaren abstentzioa bilatu beharrean, Navarra Sumakoena bilatzeko: "Ez dugu baztertzen Navarra Sumarekin elkartzea eta akordioetan sinatu duguna azaltzea. Argi dugu EH Bildurekin ez dugula akordiorik egingo". Hain justu, PSNko idazkariak dio 23 ordezkarien akordioak Navarra Sumak baino "zilegitasun gehiago" duela. UPN, PP eta Ciudadanosek osatutako hauteskunde koalizioak 20 ordezkari lortu zituen joan den maiatzaren 26ko hauteskundeetan.

Geroa Baik, ordea, ohar bidez erantzun dio Txibiteri, eta kargu hartu dio goizeko elkarrizketan esandakoengatik: "PSNk jakin beharko luke Geroa Bai ez dagoela prest akordio programatikoa Navarra Sumarekin negoziatzeko aukera bilakatzearekin". Gainera "harridura" agertu du Geroa Baik Txibiteren jarrerarekin, azken asteetan "kontserbadoreen aldetik mezu gogorrak" jaso dituztelako. Txibiteri esan diote goizean egindako deklarazioek ez dutela "konfiantza eraikitzen laguntzen", eta eskatu diote errespetatzeko PSNko idazkari nagusiak berak eskatutako "geldialdi egunak". Datorren astean hasiko baitira negoziatzen gobernuaren osaketa.

Akordioaren harira

Navarra Sumari akordioa "irakurtzeko" eskatu dio Txibitek, eta gaineratu du itunak "marko konstituzionalaren" defentsa egiten duela: "Gure autogobernua, legearekiko errespetua eta bizikidetzaren aldeko apustua". Bestalde, euskarari dagokionez, azpimarratu du helburua izango dela kontsentsu "sozial, sindikal eta politikoa zabalagoa" lortzea: "Euskararen legearekin ez ginen ados egon, usten genuelako aukera berdintasunaren aurka egiten zuela". Horregatik, oraingoan babes "zabalagoak" lortzen ahalegindu direla azpimarratu du Txibitek. Dekretua aldatzeko asmoa ere adierazi du.

Iluntzean erantzun dio Esparzak Txibiteri. Esan dio «eskua luzatuta» dutela, bilera hori egin, eta Nafarroak behar duten «egonkortasunari» buruz aritzeko. Eta haiekin esertzeko aukera horren aurrean Geroa Baik izandako «mehatxuz betetako" erreakzioa gaitzetsi du, esanez jarrera erabat «baztertzailea eta sektarioa» dutela. «Espero dut Txibitek ez dituela aintzat hartuko Barkosen eta Otegiren mehatxuak», esan du Esparzak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.