HAUTESKUNDE KANPAINA

Ciudadanos pozik, Errenterian eta Ugaon eginiko ekitaldiek izan duten oihartzun mediatikoagatik

'Eldiario.es' hedabideak Ciudadanosen barne txosten baten berri eman du.

Rivera, Errenterian eginiko ekitaldian. EFE
Nagore Arin.
2019ko uztailaren 8a
20:23
Entzun

Ciudadanos alderdia pozik dago, zoriontsu, hauteskundeen atarian Errenterian (Gipuzkoa) eta Ugaon (Bizkaia) egin zituzten agerraldiek izan duten oihartzun mediatikoagatik. Harro daude, Euskal Herrira eginiko bisitek utzi dituzten titularrez. Alderdiak "ekitaldi berezi" gisa izendatu ditu agerraldi hauek. Gestio balantzearen arabera, "arrakastarik handiena izan duten edukiak" izan baitira. Eldiario.es hedabideak eman du txostenaren berri.

Ekainaren 28an onetsi zuten txostena, azkeneko Kontseilu Orokorrean. Alderdiaren estrategiak agerian utzi eta azken seihilekoan egindako ekintza politikoen zergatiak biltzen ditu informeak. Horien artean, Euskal Herrian eginiko bi agerraldiek izan dute protagonismoa; Errenterian eginikoak eta Ugaon eginikoak. Azken hau Josu Urrutikoetxea ETAko buruzagi politikoa izandakoaren herrian, nahiz eta Espainiako alderdia ez zen zerrendan aurkeztu.

Gisa honetako agerraldiek suposatzen duten eraginkortasunaz mintzo da gestio balantzea, hedabide batzuetan izan ohi duten oihartzuna handia eta polemikoa baita. Hain justu, Errenteriara eginiko bisitak eratorri dituen albiste, iritzi eta polemikak aipatzen ditu. Txostenean diote, Riverak hamabi bidaia egin zituela presidentziarako kanpainan, eta horietatik, Errenterian eginikoa nabarmendu dute.

"Errenterian eginiko ekitaldia izan zen kanpaina guztian zehar komunikabideetan protagonismorik handiena lortu zuena. Zenbait albistegietako irekiera gaia izan zen, egunkarietako azaleko gai nagusia (ABC eta El Mundo), eta azaleko argazkia ere (El PaísLa Vanguardia eta La Razón)". Diotenez, hedabideek "jazarpen" eta "inguratze" kontzeptuak erabili zituzten Errenterian bizitakoa aipatzeko. Gainera, datozen egunetan albistearen oihartzunak jarraitu egin zuela goraipatu dute, eta Sanchezen eta PSOE alderdiaren aurkako kritika ugari eragin zituela, "erasoak" argitasunez ez gaitzesteagatik. 

Txosten berean, Ugaon eginiko ekitaldia ere aipatzen du alderdiak. Agerraldi horretan, bizilagunek bizkarra emanaz agurtu zuten Rivera. Euren ustetan, "azpimarratzekoa" da "Josu Terneraren herrian" eginiko mitina, hitzaldiaren ondorengo "desinfektazio brigada" eta guzti, izan ere, bizilagun talde batek Ciudadanoseko alderdikideak igaro ziren lurra garbitu zuen mitinaren ostean. Agerraldiaren harira, El Mundo hedabidearen titular "indartsua" nabarmendu nahi izan dute: Rivera, 'Ternenaren' herrian planto: "ez gaituzue inoiz geldituko".

Tonu bi, helburu bat

Txosten bat eta bi ekitaldi nabarmendu. Euskal Herrian eginak biak. Hautsak harrotu dituzte biek, komunikabideetan eta sareetan ez ezik, baita kalean ere. Errenteriako eta Ugaoko herritarrak ere izan ziren protagonista Espainiako alderdiak eginiko hauteskunde ekitaldietan. Protestaren aldeko hautua egin zuten biek, baina estrategia desberdinak hautatu zituzten herritarrek. Zarata batean, isiltasuna bestean.

"Faxistak kanpora" oihu artean agurtu zuten Rivera Errenterian. Ehunka herritar plazan ziren iritsi zirenerako. Ertzaintzaren babespean iritsi ziren Ciudadanoseko alderdikideak, Espainiako banderak esku artean. Plazan ordea, xingola horiekin eta ikurrinekin egin zuten topo, ekitaldiaren aurka protesta egiteko ez ezik, preso eta erbesteratu katalanei elkartasuna adierazteko. Ekitaldian zehar, eltze joka ere aritu ziren bizilagun batzuk.

Ugaon, aldiz, isiltasuna izan zen nagusi. Elkarretaratze isila egin zuten herritarrek. Inguruko etxe eta saltokietako pertsianak itxi, eta bizkarra emanaz agurtu zituzten Rivera eta gainerako kideak. Hemen ere, ikurrinak eta xingola horiak nonahi. Hitzen ostean, minutu bateko isilunea egin zuten Ciudadanosen jarraitzaileek, ETAren biktimen omenez. Une horretan, sirena hotsa entzun zen herrian. "Ez gaituzue tiroka isildu, ez gaituzue sirena batekin isilduko", Riveraren erantzuna.

Bi herrietako udalek, "probokazio" gisa ikusi zituzten ekitaldiak. Ugaon, esaterako, adierazpen bateratua egin zuten EAJ eta Eh Bildu alderdiek. "Konfrontazio giroa sortu eta komunikabideetan zarata sortzeko disimulurik gabeko saiakera" izan zela salatu zuten. 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.