Josu Bujandak hartu du Jorge Aldekoaren lekukoa Ertzaintzan

Ertzainburu izendatu berria hirugarren promozioan sartu zen Ertzaintzan, eta 36 urte daramatza lanean.

Josu Bujanda Zaldua ertzainburu izendatu berria. ERTZAINTZA
2019ko uztailaren 9a
10:18
Entzun

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuorde Josu Zubiagak gaur izendatu du Josu Bujanda Zaldua Ertzaintzako buru. Jorge Aldekoaren lekukoa hartu du, iaz horrek dimisioa eman ondoren. Cabacas auziagatik eman zuen dimisioa Aldekoak, iazko abenduan, eta, harrezkero, haren postua bete gabe zegoen. Bujanda Beasainen (Gipuzkoa) jaio zen, 1961ean; 36 urte daramatza Ertzaintzan, eta hainbat postutan aritu da lanean.

Aldekoa 2013ko azaroan izendatu zuten ertzainburu, ertzain batek jaurtitako gomazko pilota batek Iñigo Cabacas Athelticeko jarraitzailea hil ondoren. Aldekoa ez zuten auzipetu, baina Cabacas hil zutenean Deustuko ertzain etxeko arduraduna zen, eta epaiak "Ertzaintzaren eta garai horretako Eusko Jaurlaritzako Barne Sailaren antolakuntza interpelatzen" duelako eman zuen dimisioa Aldekoak.

Bujandak hartuko du orain Ertzaintzaren gidaritza. Azken sei urteotan Herritarren Babeserako Ataleko buru izan da. Aurretik, Ertzaintzako Ikuskapen Buruzagitzan, Gipuzkoako Lurralde Buruzagitzan, Ertzaintzako Babeseko eta Esku Hartzeko Buruzagitzan, Donostiako ertzain etxeko Herritarren Babeserako Buruzagitzan, Gipuzkoako Trafikoko Operazioen Buruzagitzan eta Zumarragako ertzain etxean lan egin du.

Ertzainburuaren izendapenaz gain, beste batzuk ere izendatu ditu Jaurlaritzak. Alfonso Garaikoetxea Aranguren izendatu dute Herritarren Babeserako Ataleko buru. Orain arte Arabako lurralde buru zen. Iruñean jaio zen, 1962an, eta Ertzaintzan egin duen ibilbidean Donostiako, Hernaniko eta Irungo ertzain etxeetako arduraduna eta Gipuzkoako eta Arabako lurraldeburu izan da.

Halaber, Zubiagak bere karguan berretsi du Ikerkuntza Kriminaleko eta Polizia Judizialeko dibisioburu Jose Mari Iurrebaso Sestafe superintendentea, 2015eko uztailaren 30etik zeregin horretan dagoena. Iurrebaso Bedian (Bizkaia) jaio zen, 1959an, eta 1984tik da ertzain. Polizia Zientifikoko Nagusi izan zen, eta Barne Arazoen Ikerkuntzako Bizkaiko lurralde buru ere bai.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.