Hegazkin tasa

Miarritzeko hegaldiei ekotasa bat ezarriko diete 2020tik aurrera

Klasearen eta bidaiaren arabera, 1,5 eta 18 euro artekoa izango da tasa. Hegazkinen kutsadurarekin lotutako neurri bat dela azaldu du Frantziako Gobernuak.

Miarritzeko aireportua. BOB EDME
2019ko uztailaren 10a
14:41
Entzun

Miarritzetiko aireportutik (Lapurdi) ateratako hegaldietako erabiltzaileek tasa bat ordaindu beharko dute 2020tik aurrera. Hala adierazi du Frantziako Gobernuak. Hegazkin txartelean ekotasa bat sartuko du, hegazkinek sortzen duten kutsadurarekin lotua. Klasearen eta bidaiaren arabera, 1,5 eta 18 euro bitartekoa izango da tasa bidaiari bakoitzeko.

Hegazkin enpresek isuriak mugatu ditzaten hartu dute erabakia, François de Rugy Trantsizio Ekologikoko ministroaren esanetan, gutxiago kontsumitzen eta kutsatzen duten hegazkinen erabilera sustatzeko. Haren arabera, jada posible da hegazkinek erregai begetalekin funtzionatzea.

Oraingoz, Frantziaz gain, Belgika, Holanda eta Luxenburgo agertu dira horrelako neurrien alde. Horrekin lotuta, Trantsizio Ekologikoko ministroak adierazi du "Europako herrialdeen koalizio bat" osatu nahi dutela, kerosenoaren gaineko zerga bat "progresiboki" martxan jartzeko.

Izan ere, BC3ko ikertzailearen arabera, hegaldien emisioak eta edukiontzi handien itsas garraioak eragiten dituenak batzen badira, turismoari lotutako isurien %15 hortxe daude.

Hegazkin txartelen tasa berri horren bidez, urtean 180 milioi euro lortzea espero du Parisek, eta iragarri du diru hori garraio azpiegiturak finantzatzeko erabiliko dutela; %75 trenbideetarako izango da.

Airekoek sortzen duten kutsadurari buruzko eztabaida ez da berria. Europa iparraldeko herrietan gero eta gehiago dira hegazkinean bidaiatzeari uko egiten diotenak, garraiobide horrek sortzen duen kusadura dela eta. Suedian, esaterako, Stay on the ground mugimendua sortu da, eta haren aldekoek uko egiten diote hegazkinez mugitzeari.

Orain Frantziak egin duen moduan, Suedian ere indarrean da ekotasa, eta handik ateratako dirua trenak sustatzeko erabili du gobernuak. Baina denak ez datoz bat erabakiarekin: badira salatzen dutenak "bidegabea" dela kutsaduraren ordaina soilik bidaiarien esku uztea, eta horren ordez konpainiei ordainarazi beharko litzaiekeela.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.