Inbestidura

Ortuzarrek dio Nafarroako Gobernuan nahi duela Geroa Bai

EAJren EBBko presidenteak esan du datorren astean hasiko direla gobernuaren formulaz eta pertsonez hitz egiten PSN, Ahal Dugu eta Ezkerrarekin.

Andoni Ortuzar EAJren EBBko presidentea, joan den maiatzean, Bilbon. LUIS TEJIDO, EFE
2019ko uztailaren 11
14:57
Entzun

Andoni Ortuzar EAJren EBBko presidenteak Ser irrati katean jakinarazi du datorren astean hasiko direla hitz egiten Nafarroako Gobernuaren eraketarako "formulaz", eta azaldu du bere ustez aukerarik onena gobernu programa adostu dutenen artean "koalizioa" osatzea dela. Hala, Ortuzarrek adierazi du Geroa Bai –bertako kideetako bat da EAJ— gobernu barruan nahi duela. "Esana diogu hori Maria Txibiteri [PSNren lehendakarigaia], eta esan zigun aurretik programa negoziatu behar zela. Hori negoziatu dugu, eta datorren astean formulari buruz eta programa aurrera ateratzeko pertsona egokiez hitz egingo dugu".

Joan den ostiralean adostu zuten programa PSNk, Geroa Baik, Ahal Dugu-k eta Ezkerrak. Ortuzarrek esan du "ahal den gobernu indartsuena" osatu beharko dela, lauko horrek ez baitu parlamentuaren gehiengo osoa —50 aulkietatik 23 dituzte—. EBBko presidenteak uste du "ongi bideratua" dagoela Nafarroako gobernuburuaren inbestidura. "Eskumenak osorik" garatzeko eta Foru Hobekuntzaren berritzea bultzatzeko konpromisoa hartu dute lau taldeek.

Txibite ateratzeko lehendakari, gutxienez EH Bilduren —zazpi aulki— abstentzioa beharko dute. PSNk, dena dela, Navarra Sumari eskatu dio eman dezala abstentzioa, eta hori ez du ongi ikusi Uxue Barkos (Geoa Bai) Nafarroako Gobernuko jarduneko lehendakariak: "Txibitek esana du ez diola gobernabidea emango Navarra Sumari. Ez du zentzu handirik laguntza eskatzeak babesa ukatu diezun horiei".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.