inbestidurak

Sanchezek bereizi egin ditu Nafarroako gobernu eraketa eta bere inbestidura

Ez du uste PSNk Navarra Sumari lagundu behar dionik eta PPk berari. Hilaren 23an egingo dute Espainiako gobernuburua hautatzeko aurreneko bozketa, Kongresuan.

Pedro Sanchez Espainiako jarduneko gobernuburua, gaur, Ser irratian. BORJA PUIG DE LA BELLACASA, EFE
2019ko uztailaren 15a
09:16
Entzun

Pedro Sanchez PSOEko idazkari nagusi eta Espainiako jarduneko gobernuburuak bereizi egin ditu Nafarroako Gobernuaren eraketa eta bere inbestidura. Hala, baztertu egin du PSNk Navarra Sumak gobernua hartzearen alde egitearen truke PPk bere inbestidura ahalbidetzea Espainiako Kongresuko saioan. "Gauza bat ez da bestearekin nahastu behar", esan du Sanchezek, gaur, SER irratiko elkarrizketa batean.

Hilaren 23an egingo dute Espainiako presidentea hautatzeko lehen bozketa, Kongresuan; beste bat beharko balitz, hilaren 25ean. Sanchezen esanetan, PSOEk ez badu aurrera ateratzen inbestidura, "ez da beste gobernurik izango". Podemosi egotzi dio, gainera, inbestidurarako negoziazioak hautsi izana, jarraitzaileen artean egitekoa duten kontsulta dela eta: "[Pablo] Iglesias kontsulta iruzurti hori erabiltzen ari da eskuin muturrarekin bat egin eta nire inbestiduraren aurkako botoa justifikatzeko".

Nafarroan, uztailaren 5ean adostu zuten gobernu programa PSNk, Geroa Baik, Ahal Dugu-k eta Ezkerrak. Joan den ostegunean Andoni Ortuzar EAJren EBBko presidenteak adierazi zuen asteon hasiko direla gobernu formulaz eta pertsonez hitz egiten alderdien artean, eta EAJk gobernuan nahi duela Geroa Bai —bertako kideetakoa da—. Europa Press berri agentziak jakinarazi du bihar ekingo dietela bilerei berriro.

Lau alderdien artean parlamentuko 50 aulkietatik 23 dituzte, eta, Maria Txibite (PSN) gobernuburu izendatzeko, gutxienik EH Bilduren abstentzioa beharko dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.