Negoziazioak Nafarroan

PSNk aurreratu du ez dela bilduko Navarra Sumarekin eta EH Bildurekin

Gobernu egituraren proposamena aurkeztu die PSNk Geroa Bai, Ahal Dugu eta Ezkerrari. Datorren ostegunean bilduko dira berriz.

PSN, Geroa Bai, Ahal Dugu eta Ezkerrako ordezkariak ekainaren amaieran egindako bilera batean. JAGOBA MANTEROLA, FOKU
Ion Orzaiz.
2019ko uztailaren 16a
07:33
Entzun

Goizeko hamarretan bildu dira PSN, Geroa Bai, Ahal Dugu eta Ezkerra gobernu berriaren egitura posibleaz eztabaidatzeko. Sanferminetako geldialdiaren ostean, bera buru izango duen gobernua osatzeko ahaleginei ekin die berriz ere Maria Txibite buruzagi sozialistak.

Baina, elkarrizketetan, izan da hutsunerik. Nafarroako sozialistek berretsi dute ez dutela EH Bildurekin hitz egingo, eta negoziazioetatik kanpo utzi dute Navarra Suma ere. Hortik aurrerako informaziorik ez dute eman, ordea, alderdiek, eta iragarri dute konfidentzialtasunari eutsiko diotela.

Antolakuntza idazkari Ramon Alzorrizek azaldu duenez, zentzugabea da Navarra Sumarekin hitz egitera esertzea haiek sozialistak "etengabe iraintzen" ari badira. EH Bilduri dagokionez, berriz, Alzorrizek adierazi du Geroa Bai, Ahal Dugu eta Ezkerrarekin 23 eserleku izango lituzketela, eta boto horiek nahikoak liratekeela "legealdi egonkor bat" bermatzeko.

Hurrengo legealdikoa gobernu sozialista izatea nahiko luke PSNk, baina "bestelako formulak" aztertzeko "irekia" legoke alderdia. Bestalde, Geroa Baiko Itziar Gomezek aurreratu du ez duela "kuoten gobernu bat" nahi, baina bai "ardura konpartituen" gobernu bat, "barnean jasoko duena Geroa Bairen esperientzia".

Ezkerrako eledun Marisa de Simonek, berriz, ohartarazi du akordioa sinatutakoan ezingo dela atzera egin. "Oinarrizkoena da uztailaren 5ean adostutako gutxieneko hitzarmena, non zehazten diren gobernu berriak garatu beharko dituen politikak".

Datorren ostegunean bilduko dira berriz alderdi guztiak, PSNren proposamenari buruz hitz egiteko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.