Politika

Javier Maroto senatari izango da, Gaztela eta Leongo ordezkari gisa

Pablo Casado PPko buruak Marotori Senatuan tokia egitea erabaki du. Gasteizko alkate ohiak ez zuen Kongresurako eserlekua lortu Araban, Espainiako azken hauteskundeetan. Casadok kanpoan utzi du Ignacio Cosido iaztik PPren Senatuko bozeramaile izan dena.

Javier Maroto PPko idazkariorde nagusia, artxiboko argazki batean. DAVID AGUILAR, EFE
2019ko uztailaren 18a
22:16
Entzun

Javier Marotok kolpea hartu zuen Espainiako azken hauteskundeetan. Kongresurako hautagai aurkeztu zen Araban, eta, aurretik, PPren arduradun nagusietako bat izan zen lurraldean —Gasteizko alkate izan zen 2011tik 2015erako legealdian—, baina eserlekurik gabe gelditu zen. 442 botoren aldearekin, EH Bilduk eskuratu zuen Kongresurako ordezkaria, eta Iñaki Ruiz de Pinedo izendatu zuten diputatu, Marotoren kaltetan. Emaitza estua izan zen hauteskunde gauean, eta atzerritik emandako botoak zenbatu arte ez zen argitu eserlekua PPk ala EH Bilduk lortuko zuen.

Hautesleek apirilaren 28an eman ez dioten tokia emango dio orain Pablo Casado PPko presidenteak. Senatari izendatuko du Maroto, Gaztela eta Leondik. Marotok ez du lotura esturik erkidego horrekin, eta ez da sekula han bizi izan. Senatari izateko, Segovian erroldatu behar izan du. Gainera, Gasteizko alkate ohiak hainbatetan nabarmendu izan du Arabatik hurbil sentitzen dela. Martxoaren 15ean, kanpainaurre giro betean, honako hau adierazi zuen Marotok bere Twitter kontuan: "Nire lurrarengatik aurkezten naiz hauteskundeetara. Beti nire lurrarengatik, beti Gasteizengatik eta Arabarengatik. Konplexurik gabe defendatzen beti. Orain ere bai. Elkarrekin. Batuta".

Maroto PPko idazkariorde nagusia da egun, eta diputatu izan zen Espainiako Kongresuan, aurreko legealdian. Kargu horren ardura hartzeko, Gasteizko Udala utzi zuen, 2016ko urrian. Ordurako, alkate ohia zen, oposiziora igaro baitzen 2015eko ekainean, Gorka Urtaran alkate izendatu zutenean.

Marotoren izendapenarekin, Casadok Senatutik kanpo utziko du Igancio Cosido PPren senatari taldeko bozeramailea. Cosido Espainiako Poliziaren zuzendari nagusi izan zen 2012 eta 2016 artean, eta, zenbait informazioren arabera, Kataluniako politikari independentistak ikertzeko espioitza sarearekin nahastuta egon da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.