Euskal presoak

Frantziako Justiziak Lorentxa Beyrie baldintzapean aske uztea onartu du

Euskal presoak 18 urte daramatza espetxean. Abokatuaren esanetan, "baldintza biziki zorrotzak" ezarri dizkiote. Senideak zain dira prokuradoreak neurriaren kontra egingo duen ala ez; 24 orduko epean kontra egiten ez badu, Beyrie aske geldituko da abuztuaren 1ean.

Lorentxa Beyrie euskal presoaren askatasunaren aldeko elkarretaratzea, ekainaren 21ean, Kanbon. GUILLAUME FAUVEAU
Gorka Berasategi Otamendi.
2019ko uztailaren 18a
07:13
Entzun

Lorentxa Beyrie baldintzapean aske uztea onartu du auzitegiak, euskal presoaren senideek BERRIAri jakinarazi diotenez. Abokatuaren esanetan, "baldintza biziki zorrotzak" ezarri dizkiote aske uzteko. Senideek ez dute oraindik baldintza horien xehetasunen berri, ez baitute jakinarazpen ofiziala ikusi. Senideak prokuradorearen erantzunaren zain daude orain; 24 orduko epean Beyrie aske uztearen kontra agertuko balitz, Kanboko (Lapurdi) presoak espetxean jarraitu beharko du auzia argitu arte. Aldiz, epe horretan kontrako agertzen ez bada, Beyrie baldintzapean aske geldituko da abuztuaren lehenean. Hala ere, prokuradoreak hamar eguneko epea izango du auzitegiaren erabakiari helegitea aurkezteko. Helegitea 24 orduko epea igarota aurkeztuko balu, Beyriek baldintzapean aske egingo lioke aurre hurrengo audientziari.

Egun, Roanneko presondegian (Frantzia) dago Beyrie, Kanbotik 683 kilometrotara. Auzitegiak hiri horretan aztertu zuen euskal presoaren baldintzapeko askatasun eskaera, ekainaren 21ean. Abokatuaren eskariz, audientzia ez zen bideo konferentzia bidez egin, eta epaitegia bera joan zen Roanneko presondegira.

Preso eman dituen 18 urteetan, Beyrie hiru presondegitan egon da orain arte: Felury Merogis, Joux la ville eta Roanne. 2017ko abenduan egin zuen baldintzapean aske uzteko eskaera; orain arteko hirugarrena. 2013an eta 2016an aurkeztu zituen aurrekoak, eta Frantziako Justiziak biak baztertu zituen. Azken eskaera baztertzeko garaian, auzitegiak argudiatu zuen leporatzen zitzaizkion delituak berriz egiteko arriskua zuela, nahiz eta 2011. urteaz geroztik ETAk behin betiko eten duen jardun armatua.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.