Euskal presoak

Prokuradoreak helegitea aurkeztu dio Lorentxa Beirie baldintzapean aske uzteko erabakiari

Ondorioz, prokuradoreak eragotzi egin du preso kanboarra abuztuaren 1ean baldintzapean aske geratzea. Presoaren eskaera argitu arte espetxean jarraitu beharko du. Beiriek 18 urte daramatza preso.

Lorentxa Beyrie aske uztearen aldeko elkarretaratze bat, ekainaren 21ean, Kanbon. GUILLAUME FAUVEAU
Gorka Berasategi Otamendi.
2019ko uztailaren 19a
10:02
Entzun

Frantziako Justiziak Lorentxa Beirie baldintzapean aske uztearen alde egin zuen, atzo. Baina erabakiaren kontra agertu da, gaur, Fiskaltza. Prokuradoreak helegitea aurkeztu dio auzitegiaren erabakiari, eta, beraz, Beiriek ezin izango da espetxetik irten. Prokuradoreak 24 orduko epea zuen Beirieren baldintzapean askatzea eragozteko. Epe horren barruan ebazpenari dei egin dionez gero, preso kanboarrak espetxean jarraituko du. Epe horretatik kanpo ere aurkez zezakeen helegitea —hamar egun zituen horretarako—, baina 24 orduko epea gainditu izan balu, Beirie abuztuaren 1ean irtengo zen kalera, eta hurrengo audientziara baldintzapean aske aurkeztuko zen. Hura preso mantentzearen alde egin du. Familiak "oso haserre" hartu du prokuradorearen erabakia.

Jeanine Beirie presoaren amarekin hitz egin zuen atzo BERRIAk, auzitegiaren erabakiaren berri izan eta gutxira. Prokuradoreak zein jarrera hartuko zain ziren senideak. Egunkari honi azaldu zionez, baldintzapean aske irteteko "baldintza biziki zorrotzak" ezarriak zizkion auzitegiak presoari. Hala jakinarazi zion abokatuak amari.

Egun, Roanneko presondegian (Frantzia) dago Beirie, Kanbotik (Lapurdi) 683 kilometrora. Auzitegiak hiri horretan aztertu zuen euskal presoak baldintzapean aske geratzeko eginiko eskaera, ekainaren 21ean. Abokatuak eskatu zuen audientzia ez egiteko bideo konferentzia bidez, eta epaitegia bera joan zen Roanneko presondegira, Beirieren eskaera aztertzera.

Preso eman dituen hemezortzi urteetan, Beirie hiru presondegitan egon da: Fleury Merogisen, Joux la Villen eta Roannen. 2017ko abenduan egin zuen baldintzapean aske geratzeko eskaera; orain arteko hirugarrena. 2013an eta 2016an aurkeztu zituen aurrekoak, eta Frantziako justiziak biak baztertu zituen. Azken eskaera baztertzeko garaian, auzitegiak argudiatu zuen leporatzen zitzaizkion delituak berriz egiteko arriskua zuela, nahiz eta 2011. urteaz geroztik ETAk behin betiko eten zuen jardun armatua. Oraingoan, Beirieren alde egin du epaitegiak, baina Fiskaltzak hura aske geratzea eragotzi du.

Egoera bera errepikatu da Xistor Haranburu presoaren kasuan ere. Baldintzapean aske utzi zuen Parisko Auzitegiak joan den astean, baina, prokuradoreak helegitea jarrita, espetxean segituko du Haranburuk. 30 urte egin ditu kartzelan, eta, egun, Lannemezanen (Okzitania) dago.

Datorren asteazkenean, hilaren 24an argituko da, berriz, Josu Urrutikoetxea baldintzapean aske utziko ote duten. Joan den maiatzaren 16an atxilotu zuten, Sallanchesen (Frantzia), eta Dei Auzitegiko epaileek onartu zuten kontrol judizialpean aske uztea, baina artean kartzelan zela atxilotu zuten, berriro, Espainiaren eskaera bat tarteko.
 

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.