Euskal presoak

Josu Urrutikoetxeak hilaren 31n jasoko du familiaren lehen bisita

Frantziako Poliziak maiatzaren 16an atxilotu zuen, ebakuntza bat egitera zihoala; oraindik ez diote egin.

Josu Urrutikoetxea, 2002an, Bilbon. LUIS JAUREGIALTZO, FOKU
enekoitz esnaola
2019ko uztailaren 23a
14:36
Entzun

Joan den maiatzaren 16an atxilotu zutenetik, Josu Urrutikoetxea euskal presoak hil honen 31n jasoko du bere familiaren lehen bisita, La Sante kartzelan. Frantziako Alpeetan atzeman zuen Poliziak, eta, geroztik, sendiak auzitegian baizik ez du ikusi. Ekainaren 19ko auzi saioan, Parisko Dei Auzitegiko epaileek baldintzapean aske geratzeko eskaera ebatzi zutenean, Egoitz eta Irati seme-alabekin ordu erdi batez egoteko aukera izan zuen. Epaileek aske uzteko ebazpena eman zuten orduan, baina Espainiaren atxiloketa eskaera bat gertatu zen, eta preso segitu zuen.

Duela bi hilabete pasa Sallanchesen atzematean, hango erietxe batera ebakuntza egitera zihoan Urrutikoetxea. Gaixotasun larri bategatik, egunak zeramatzan pixa ezin eginda eta ezin janda. Atxiloketaren ostean, urologoak esan zuen hilabete baten buruan egin beharko zitzaiola operazioa. Ez diote egin oraindik. Parisen zunda bat jarri zioten, hilabete bateko iraungitzearekin. Berriro jarri zioten zunda, eta, familiako iturrien arabera, uztailaren 15erako programatu zioten ebakuntza, baina ez zioten egin, ez presoaren erabakiagatik, eta hirugarrenez ipintzekoak dira zunda, jada ipini ez badiote.

Gainera, gutunik jasotzeke segitzen du.

Horretaz guztiaz gain, ETAko militante historiko ohiarentzat juridikoki eta politikoki bi hilabete intentsu izan dira. Une honetan, hainbat auzi ditu zabalik: Espainiaren bi estradizio eskaera eta beste bi euroagindu; Frantziak bi epaiketa egingo dizkio ETAren egitura politikoarekin lotuta; seguruenez, abuztuan izango da baldintzapeko askatasunaz dagoen beste eskaera bati buruzko saioa —bihar izatekoa zen—; ekainaren 19an epaileek hartutako erabakiaz fiskalaren helegite bat Kasazio Auzitegian da...

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.