Euskal presoak

Salbuespen politikak amaitzeko eskatu du Etxerat-ek Azpeitian

Presoei egiten zaizkien harreren inguruko eztabaidan, elkarteak adierazi du Foro Sozialarena izan dela "ekarpen eraikitzaile bakarra".

Etxeratek presoei buruzko txostena eman die instituzioetako ordezkariei. /
Etxeratek presoei buruzko txostena eman die instituzioetako ordezkariei. / Gorka Rubio/Foku

Berria -

2019ko abuztuak 1

Urtero moduan, Loiolako santutegian (Azpeitia, Gipuzkoa) bildu dira Etxerat-eko kideak, eta salbuespen politikak amaitzeko eskatzen duen agiria eman diote Gipuzkoako ahaldun nagusi Markel Olanori. Elkarteko kide Naike Diezek adierazi du iraganaz hitz egiteko eta asteburueroko sufrimendua amaitzeko gogoz daudela, eta nabarmendu du azken egunotan Foro Sozialak egin diola "ekarpen eraikitzaile" bakarra preso ohiei egiten zaizkien harreren inguruko eztabaidari.

"Gatazka konpondu eta elkarbizitza eta bakeari ateak zabaltzeko hurrengo urratsa da salbuespen politikak amaitzea, eta harekin batera sakabanaketa eta urruntzeak. Azkenaldian hitz egin diren gaiez gain, badira epe motzean egin beharreko bestelako lanak, eta, horretarako, oinarrizkoa da ausardia", adierazi du Diezek, eta "parte hartze handiagoa" eskatu die instituzioei.

Irailean hasiko den epaiketa ekarri du gogora Nagore Lopez de Luzuriaga elkarteko kide eta auzipetuak:  "Ez dauka inongo tokirik egungo testuinguruan, erabat anakronikoa da, eta Euskal Herriko instituzioei eskatzen diegu alde horretatik pausoak eman ditzatela geure epaiketaren kontra, eta preso eta iheslarien egoera konpontzearen alde".

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna