Jonpa Albisu

Etxeari eusteko habea

Jonpa Albisu BERRIAko lankidea zendu da. Lan ikusezin eta ezinbestekoa egin du urteetan erredakzioko idazkari postuan. Donostiako Parte Zaharrean ere oso ezaguna izan da, euskaltzaletasunari eta herrigintzari lotuta.

Maite Asensio Lozano -

2019ko abuztuak 10

Zaila da Jonpa Albisuren argazki bat aurkitzea Euskaldunon Egunkaria-ren eta BERRIAren artxiboetan. Langile nekaezina zen, lantokian zein kanpoan, baina egindakoaren emaitza bigarren lerrotik ikusten zuen gero, protagonismotik aldenduta. Bi kazetetan idazkari eginiko lanean, hedabideak kazetariak baino askoz gehiago direla erakutsi du: testu bat sekula sinatu ez arren, ezinbesteko lankidea zen. Eta halaxe gogoratu du Bea Zabalondok, BERRIA Taldeko lehendakariak: "Kanpora agerikoak diren askoren artean, ia etxe barruan baino ezagunak ez diren kideetakoa zen Jonpa: beharrezkoa eta beti lanean fin eta zorrotz aritutakoa. Etxeari barrendik eusteko habea". Minbiziak eraman du gaur goizaldean Jonpa Albisu Arregi, 53 urte zituela.

"Aupa Jonpa" batekin sartu dira urteetan BERRIAko langileak erredakziora; kristalezko atearen ondoan egoten zen, bere bulego txikian. Egunkaria indarrez itxi baino hilabete batzuk lehenago hasia zen han, 2002an; hasieran, Martxelo Otamendi zuzendariaren idazkari. "Gero de facto erredakzioaren idazkari bihurtu zen: bidaiak, kolaborazioak...", oroitu du Otamendik. "Gauzak nola egin, lortu edo konpondu ez genekienean, harengana jotzen genuen. Oso efizientea zen, pazientzia handikoa, beti irribarrez, hitz txarrik gabe". Barrez erantsi du etxearen interesen babesean aritzen zela: "Zuzendaria Alemaniara Italian barrena bidaltzeko gai zen, merkeago ateratzen bazen".

Donostiarra zen Albisu, petoa. Amara Berri auzoan zuen bizitokia, baina Parte Zaharrean egiten zuen bizitza. "Amaren familia Konstituzio plazakoa zen, eta han elkartzeko joera dugu adar horretakoek", azaldu du Feli Barrenetxea lehengusinak. Seme bakarra zen, eta oso hurbilekoak zituen auzoko senideak. "Denbora asko zuen, baina berarentzat, gutxi. Beti ari zen zerbait antolatzen edo norbaiti laguntzen. Eta beti gazteen alde: gauzak egitera animatu zituen".

Parte Zaharrean, funtsezko

Horixe nabarmendu du Josetxo Ibazeta lagun minak ere: "Herri mugimenduetako militante sutsua zen. Behetik gora antolatzen ziren jarduera guztietan ibiltzen zen". Euskaltzalea, abertzalea eta ezkerrekoa zen, eta ardatz horien bueltan saiatu zen Parte Zaharreko zenbait ohitura eta ospakizun berreskuratzen, auzoan "instituzio bat" bihurtzeraino. Irailean, Kontxako bi estropaden artean, euskal jaiak berpiztea izan da bere ondareetako bat, Ibazetaren arabera: "Urte askotan ez zen ia jarduera herrikoirik izan; Jonpa talde batean sartu zen, eta buelta eman zioten: Urgulleko krosa, sardina jana, euskarazko pelikulen emanaldiak... Eta bere gustukoena: marmitako dastaketa, 200 lagunentzat".

Abila baitzen jende askorentzako bazkariak prestatzen. Horietako bat atondu zuen Egunkaria auzia itxi zenean, kazetako lankideentzat, Parte Zaharreko Arrano Beltza euskaltokian. Bertako arimetako bat zela dio Ibazetak: "Ordu pila bat sartu zituen, hainbat ardurarekin; elkartearen funtzioak betetzearekin oso kezkatuta zegoen". Han, besteak beste, Martin McGuinness zenari eman zion jaten. Sinn Feineko buruzagi ohiak 2006an eginiko bisita gogoratu du Otamendik: "Jakin genuen Donostiako badian arrantzan egin nahi zuela; soilik Jonpak lor zezakeen ontzi bat ordu gutxitan. Gero ez zuten ezer harrapatu, eta Jonpak joan behar izan zuen arraindegira, eta afaria prestatu".

Haren bizipoza du gogoan Zabalondok: "Igarri gabe, isil-isilik, leku handia bete du. Eta isil-isilik utzi gaitu". Hutsune handia laga du Albisuk bere familia guztietan, baina maitasun handia jasota joan dela adierazi du Barrenetxeak: "Gaixotu zenean, laguntza eskatu zuen. Eta jende asko etorri zitzaion. Bakarrik bizi zen, baina ohartu gara zenbat jende zuen inguruan, zenbatek maite zuten".

Zorroagako beilatokian dute hil kapera. Bihar goizean erraustuko dute, 10:30ean, Polloen, eta omenaldi txiki bat egingo diote lagunek.

Dolumin mezuak

Heriotzaren berri jakin bezain laster, lankide, senide eta lagun ugarik zabaldu dituzte Albisu oroitzeko mezuak:

 

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna
S: