EUSKAL PRESOAK

Tramiterako onartu dute Voxek Hernaniko eta Oñatiko alkateen aurka jarritako salaketa

Jose Jabier Zabaleta Baldo eta Xabier Ugarte euskal presoei Hernanin eta Oñatin egindako harrera ekitaldien harira, EH Bilduko bi alkateak salatu zituen Voxek, eta tramiterako onartu du salaketa Espainiako Auzitegi Nazionaleko 4. Instrukzio aretoak.

Jose Jabier Zabaleta 'Baldo', larunbatean, Hernanin. JON URBE/FOKU
jon olano
2019ko abuztuaren 10a
07:28
Entzun

Jose Jabier Zabaleta Elosegi Baldo euskal presoa uztailaren 27an atera zen libre Zuerako (Zaragoza, Espainia) kartzelatik, eta sorterrian egin zioten harrera egun berean, Hernanin (Gipuzkoa). Ugarteri, berriz, Oñatin (Gipuzkoa) egin zioten harrera; 22 urteko zigorra bete ondoren atera zen Topasko kartzelatik (Salamanca, Espainia).

Ongietorri horien harira, salaketa aurkeztu zuen Voxek Xabier Lertxundi eta Izaro Elorza Hernaniko eta Oñatiko alkateen, ekitaldiak antolatu zituztenen eta "ekitaldien hedapen eta publizitatean lagundu" zuten guztien aurka. Zehazki, alderdi ultraeskuindarrak salatu zuen "terrorismoa goratu" zela ekitaldi horietan, eta, beraz, Espainiako Zigor Kodearen 578. eta 580. artikuluak urratu zituztela.

Orain, Voxek berak jakinarazi duenez, Auzitegi Nazionaleko 4. Instruzkio aretoak tramiterako onartu du salaketa. Gainera, autoan, epaileak prozedura bakarrean batu ditu Voxen salaketa eta AVT biktimen elkarteak aurkeztutako salaketa.

Herenegun, areto bereko epaileak Guardia Zibilari eskatu zion identifika ditzala ongietorrien antolatzaileak. Ekitaldi horietan inork indarkeria goraipatu ote zuen ere ikertzeko eskatu dio epaileak Poliziari. Fiskalak egin zion eskaera, Espainiako Gobernuaren aginduz, eta onartu egin zuen epaileak.

Soka politiko luzea eragin dute bi harrerek. Gaur, Eusko Jaurlaritzako bozeramaile Josu Erkorekak esan du "positiboa eta desiragarria" litzatekeela ezker abertzaleak eskatzea ez daitezela harrera publiko gehiago egin presoak espetxetik irtetean, eta "legeek eta epaileek diotenaz harago", eskatu dezala ekitaldi horiek modu pribatuan egitea: "Delituak egin dituzten pertsonak omentzea, publikoki eta modu deigarrian eginez gero, ez dira onargarriak ikuspuntu etikotik".

Iñaki Oiartzabal PPko Arabako presidenteak, berriz, EAJri egotzi dio "beste alde batera" begiratu izana presoei ongietorriak egin zaizkienean: "Horiek dira benetan hau onartu dutenak".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.