Memoria Historikoa

1978ko sanferminetako biktimen omenezko monumentuari eraso egin diote berriro

Biktimen omenezko plaka hautsi dute, eta txakur gorotzak jarri dizkiote gainean. Egun gutxian egin dioten bigarren erasoa da gaurkoa. 1978ko Sanferminak Gogoan plataformak gertatutakoa argitzeko eta erantzuleak zigortzeko neurriak eskatu dizkie erakundeei.

1978ko sanferminetako biktimen omenezko monumentuaren plaka, hautsita eta gainean txakur gorotzak dituela.
1978ko sanferminetako biktimen omenezko monumentuaren plaka, hautsita eta gainean txakur gorotzak dituela. 78ko Sanferminak Gogoan/@SF78gogoan

Gorka Berasategi Otamendi -

2019ko abuztuak 14

Lehenengo, lapurtu egin zuten plaka, eta, orain, apurtu eta gainean txakur gorotzak jarri dizkiote. Hiru astean bi aldiz egin diote eraso 1978ko sanferminetako biktimen omenezko Gogoan monumentuari, Iruñean. 78ko Sanferminak Gogoan plataformak uztailaren 26an salatu zuen biktimak oroitzeko plaka lapurtu zutela monumentutik. Hurrengo egunean, beste plaka bat jarri zuen plataforma memorialistak, lapurtutakoaren tokian. Gaur jakinarazi dutenez, bigarren plaka hori hautsi egin du norbaitek, eta txakur gorotzak jarri dizkiote gainean. 1978ko sanferminetako biktimei eskainitako plakan testu hau zegoen: "1978ko sanferminetan pairatutako polizia erasoaren biktimen oroimenean".

78ko Sanferminak Gogoan elkarteak ohar bidez azaldu duenez, eskultura Nafarroako memoria historikoari lotutako leku gisa izendatu zuten 1979ko uztailaren 19tik, eta, horregatik, Nafarroako Gobernuari dagokio hura zaintzea, babestea eta mantentzea.

Horrez gain, plataformak gogorarazi du plaka lapurtu zutenean Nafarroako Parlamentuko Batzorde Iraunkorrak eta Iruñeko Udaleko bozeramaileen batzarrak gertatutakoa argitzeko neurriak eskatu zizkietela erakundeei. Elkarteak nabarmendu duenez, eskulturatik "metro gutxira" hainbat segurtasun kamera daude, eta horietako bat udalarena da. "Zalantzarik gabe, aurreko lapurretaren eta azken eraso honen irudiak grabatuta daude", adierazi dute.

Plaka lapurtua "ahalik eta azkarrena" berriro ere monumentuan jartzeko eta "legea betetzeko" eskatu dio plataformak Nafarroako Gobernuari. Foruzaingoari eta Iruñeko Udaltzaingoari ere mintzatu zaio elkartea. Beharrezkoak diren ikerketak abiatzeko eskatu diete, "Iruñeko eta Nafarroako memoria historikoaren kontrako eraso hau argitu gabe eta zigortu gabe gelditu ez dadin".