Poliziaren bortizkeria

Filtroko sarraskia oroituko dute G7koen aurkako kontragailurrean

Hilaren 23an egingo dute ekitaldia, Hendaian, gertakariaren 25. urteurrenean. Sarraskiaren ondorioz hilak eta jazarriak izan ziren pertsonak izango dituzte gogoan.

Filtroko sarraskiaren omenaldia, iaz, Kalera kalera ekimenaren manifestazioaren aurretik. /
Filtroko sarraskiaren omenaldia, iaz, Kalera kalera ekimenaren manifestazioaren aurretik. / Aritz Loiola/Foku

Nagore Arin -

2019ko abuztuak 16

Sarraskiaren 25. urteurrenaren bezperan egingo dute ekitaldia: abuztuaren 23an, Hendaian, G7koen aurkako kontragailurraren eremuan. Gertakaria oroitzeko asmoz antolatu du ekinaldia Askapena Euskal Herriko erakunde internazionalistak. Duela 25 urte, 1994. urtean, Montevideoko kaleak ilundu zituen triskantza ahantz ez dadin egingo dute ekitaldia, antolatzaileen esanetan, "Euskal Herria eta Uruguaiko herria astindu eta, bide batez, bi herrien arteko harremana betiko elkartasunez lotu zituen" gertakaria.

Abuztuaren 24a zen. Milaka uruguaitar Filtroko ospitalearen ateetan bildu ziren, Josu Goitia, Luis Mari Lizarralde eta Mikel Ibañez euskal iheslariei elkartasuna adierazteko. Hain zuzen, gose eta egarri greba egiten ari ziren Goitia, Lirrazalde eta Ibañez, Espainiak haien estradizioa eskatu ondoren. Hiru euskal herritarrei babesa adieraztearekin bat, Uruguain aspalditik ezarritako asilo eskubidea manten zedin aldarrikatu zuten hara bildu ziren herritarrek. Aldarrikapen eta elkartasun ekintza horiek, baina, diktaduraz geroztiko istilu larrien bilakatu ziren. Polizia tiroka oldartu zitzaien manifestariei; bi lagun hil eta ehunka zauritu ziren.

Orain, 25 urteren ondoren, gertakari hura oroituko dute Hendaian, Kaneta gunean, 13:00etan. Antolatzaileen esanetan, "Fernando Morroni, Roberto Facal eta bortizki jazarriak izan ziren pertsonak" izango dituzte gogoan, "egiazko elkartasuna eta internazionalismoaren benetako praktika aurrera eramateagatik" jazarriak. Euskal Herriari elkartasuna adierazi eta hiriburuko kaleak hartu zituzten milaka uruguaitarrak ere oroituko dituzte, "arduraz, duintasunaz eta kontzientziaz, irmoki estatuen injustizia eta interes politiko zekenen aurka borrokatu" izanagatik.

Iraganak ez ezik, orainak ere izango du txokorik ekitaldian: "Gogoan izango ditugu eta omenduko ditugu, gaur egun munduaren edozein txokotan inposatutako inperio kapitalista eta munduko ordena txikitzailearen errealitatea aldatzeko borrokan diharduten esperantza izpi guztiak". Era berean, Norma Morroni eta Filtroko martxa urtero antolatu eta hauspotzen duten kideak ere oroituko dituzte, "benetako militantzia internazionalistaren adibide praktikoa eginez denontzako eredu eta ikur bilakatu direnak", hain zuzen. Modu kontrajarrian, gogoan izango dituzte, antolatzaileen arabera, "Uruguaiko herriaren subiranotasunaren eta asilo eskubidearen aurka Espainiako Estatuaren bortxaketa, poliziaren errepresioa eta erantzule politikoen inpunitatea".

Kontragailurraren barnean

G7koen aurka antolaturiko kontragailurraren egitarauaren barnean egingo dute ekitaldia. Sarraskiak gaurkotasunik galdu ez izana eta gertakari bakandu bat ez izatea jarri dute erabakiaren oinarrian: "Gaur egun ere, injustizia, inpunitatea eta eskubide urraketak sistematikoki nonahi ageri dira". Horren adibide izango lirateke, antolatzaileen esanetan, Euskal Herrian egiten diren omenaldiak: "Espainiako eta Frantziako Estatuak eredu dira gizarte zibilari inpunitate osoz jazartzen".

"Negozioak agintzen du mundu osoan, gudaz konkistatzen dira merkatu berriak" adierazi dute. Halaber, politikaren "molde burges klasikoak" agortu direla nabarmendu dute: "Botere ekonomikoak gainerako botere guztiak bahitu ditu; legegilea, exekutiboa, judiziala, mediatikoa. Herritarrak kontutan hartu gabe nazioz gaindiko erabakigune kapitalistek gobernatzen dute mundua, aberatsen nahierara egin eta deseginez, eraiki eta suntsituz, bere garro hiltzaileak planeta osora hedatuz. Hau ikusten ez duenak zeharo ezjakina da edo itsututa dago".

Hori dela eta, hilaren 23an egingo den ekitaldian parte hartzeko deia luzatu die erakundeak herritarrei, sarraskia oroitu, ondorioak salatu eta G7koen aurkako aldarria batuz; izan ere, antolatzaileen esanetan, "herri desberdinetako matxinoen saretzea, elkartasuna eta borroka beharrezkoak izango dira orain eta etorkizunean".
 

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna